argia.eus
INPRIMATU
Gaztetxe berria izan arte ez dutela “amore emango” berretsi dute Itzubaltzetan
  • Itzubaltzeta II gaztetxe zaharra erre eta ordu batzuetara, 300 auzokidek manifestazioa egin dute Itzubaltzeta/Romoko kaleetatik, "Suak erre duenak herriak piztu dezala. Itzubaltzeta aurrera" goiburupean.

Hiruka .eus 2017ko apirilaren 20a
Asteazkeneko manifestazioko irudi bat (argazkia: Hiruka).

Belaunaldi arteko manifestazioa izan da; bertan parte hartu dute Ibon Rodriguez (EH Bildu), Paula Amieva eta Kike Prada (GUK) zinegotziek. Itzubaltzeta gaztetxeko kideek berretsi dute ez dutela "amore emango" eta "zutik" segituko dutela: "Herri honek nahi eta behar duen gaztetxea lortzeko borrokari jarraituko diogu". Manifestazioa eta ekitaldiaren ondoren, asanblada egin dute gazteek.

Itzubaltzeta gaztetxeko kideek irakurritako komunikatua

"2008ko uholdeak zirela eta, egoera konpontzeko Gobela ibaiko obrak abiarazi beharra zegoen; garai hartan, gaztetxearen hutsarazte-arriskua eta eraikinen bat okupatzeko aukerarik ez zegoela ikusita, Itzubaltzeta Gaztetxearen aldeko plataforma sortu genuen, herriko zenbait kolektibo eta pertsonakaz osatuta.

Plataformaren lanari esker, askotariko atxikimendu eta herri osoaren babesa jaso genuen, urte luzez herriko gazteek kolore, ilusio eta gogoz eraikitako tresna bizirik segi zezan.

Horregatik, egoeraz kontziente, udalagaz negoziazio-prozesu bat abian jarri genuen, bi helburu zehatzagaz: obrak zirauten bitartean, gazteok gure ekinbideari jarraitzeko espazio bat izatea eta obrak bukatzean, gazteok sortutako Itzubaltzeta Gaztetxearea berreskuratzea.

Horren ondorioz, 2013. urtean aurretiko hitzarmen bat sinatu genuen eta Udalak Etxe Merkea utzi zigun. Egungo asanblada osatzen dugunok filosofia berberagaz segitzen dugu: herri bat, gaztetxe bat.

Gaur goizean, itzubaltzetarrok berri txar bategaz esnatu gara: gre herriko gaztetxea kiskalita aurkitu dugu. Egoera horrek sentimendu multzo bat sortu digu: alde batetik, amorrua eta pena, eta bestetik, gaztetxearen aldeko borrokan inoiz baino kementsuago segitzeko indarrak eman dizkigu.

Gertakizun horren aurrean, gazteok argi daukagu: ez dugu amore emango. Zutik segituko dugu.

Eskerrik asko gaurko egun kaxkarrean elkartasun-dei -mezu eta -keinuak helarazi dizkiguzuenoi, baita antolatu dugun manifestaziora hurbildu zaretenoi: zuok guztiok osatzen duzue Itzubaltzeta.

Gutxi falta zen azkenengo hitzarmena sinatzeko, gutxi falta zen gaztetxea berriro ere gazteon eskuetan egoteko. Baina gaur gure eskuakaz sortutako proiektua erreta ikusi dugu.

Orain, Hirigintzaren balorazio teknikoa jasotzearen zain gaude, eta hori jaso arte ez dakigu zer gertatuko den.

Hala ere, lehen esan dugun moduan, ez dugu amore emango eta zutik segituko dugu: herri honek nahi eta behar duen gaztetxea lortzeko borrokan segituko dugu".

Albiste hau Hirukak argitaratu du eta CC-by-sa lizentziari esker ekarri dugu ARGIAra.