Alardean desfilatuta ere honek «herriaren benetazko errealitatea irudikatzen ez zuela» ikusita sortu zen 2019an Guztion Alardea, «herria polarizatua dagoelako, baina ikusten ez den masa gris handia dagoela irudikatu beharra zegoelako». Eneko Gonzalez eta Mikel Arruabarrenak argitu digutenez, «emakumearen parte hartzeari buruzko iritzia emateko beldurra galtzen» lagundu du Guztion Alardeak urteotan, eta «debate hau ireki ahala norbere inguruan eboluzio bat» ikusi dela diote. Elkarrizketa osoa hemen.
Urte bukaera honetan Antxeta Irratian zabaldu dugun Alardeaz Blagan hausnarketarako txokoan, ahoan bilorik gabe hitz egiteko ausardia agertu dute eragile desberdinetan dabiltzan herritarrak eta udal taldeetako zinegotziak gonbidatu ditugu. Joan den irailaren 8an alkatearen ebazpenak eragindakoak ez ezik, azken urteetan alardean eta Hondarribiko herrian ematen ari diren aldaketak, eta herritar askoren partetik barne hausnarketak sozializatzeko beharra ikusita, Guztion Alardea taldeko kideak diren Eneko Gonzalez eta Mikel Arruabarrenak onartu dute gonbidapena. 2019ko urrian aurkeztu zuen bere burua Guztion Alardea ekimenak talde argazki jendetsu batekin. Eta Alardeaz Blagan podcastaren baitan, haien iritzia eman digute bi gazte hauek. Alardean ateratzen ziren gazteek emakumearen parte hartzeari buruz esateko zutenari erantzun bat emateko beharretik sortu zela diote, «gogoeta sakon batetik».
Argi dute jende askoren buruan zebilen ideia batetik abiatutako hausnarketari bide eman diola Guztion Alardeak. «Nahiz eta alardean desfilatu, ikusten genuen askorentzat alardeak ez zuela irudikatzen benetako errealitatea, inertziaz edo erosotasunagatik jende askok jarraitzen zuela desfilatzen, herria oso polarizatua dagoelako, baina ikusten ez den masa gris handi bat dagoela irudikatu beharra zegoen», azaltzen dute. Izan ere, kezkaz ikusten dute urteen poderioz sentimendu horri erantzun ezak desmobilizazioa eragin duela herriko jai nagusian. «Lotura falta bat sentitzen da, alardean desfilatzetik ez desfilatzera pasa direnak asko dira, edo Jaizkibel konpainian hasi direnak», nabarmentzen dute Eneko eta Mikelek.
Guztion Alardearen mezua berritzailea izanagatik ere, herrian berehalako eragina izan zuen. Mugimendu honek herritar askori iritzia emateko beldurra galtzen lagundu diola pentsatzen dute. «Bazegoen urte askoan zehar beldur edo tabu orokor bat herrian gaiaz hitz egiterako garaian, eta batez ere, emakumeen parte hartzearen aldeko iritzia ematerakoan, eta orduz geroztik eragin handia izan du, jende asko ausartu delako bere iritzia ematera», diote bi gazte hauek. Zentzu horretan, herriko gizartean bilakaera bat eman delakoan daude. «Norbere inguruan ikusi du eboluzio bat, iritzi askotako jendea zegoen, baina debate hau ireki ahala momentuan inkluso kontra zegoen jendeak bere iritzia aldatu egin du edo irekiera bat eman da. Noski, oraindik kristona falta zaigu!» iragartzen dute konponbidea urrun ikusten dutela aitortuz.
Hala ere, belaunaldi berrien eskutik gauzak aldatzen ari direla pentsatzen dute. Bereziki hasierako urteetan emandako liskarrak eta urtetan gertatu diren gauza asko ez dituztelako bizi izan gazteek, eta beraz, gatazkari aterabidea gazte belaunaldien arteko elkarrizketa sosegatutik iritsi daitekeela uste dute. «Guk txikitatik egoera hau jasan dugu, baina hasierako urte gogor haiek ez genituen bizi edo gogoratzen, eta karga emozional hori gabe altxa dugu ahotsa. Horrek markatzen du desberdintasuna, arrazionaltasunetik hitz egin ahal izateko», azpimarratzen dute.
Bide beretik elkarrizketaren defendatzaileak dira. Baina aitortzen dutenez, «alardearen gaia urte guztian zehar itzalean egon ohi da, ez da aipatzen». Aldiz, Irungo sanmartzialak hurbiltzen hasten direnean, eta ondoren irailaren 8ko alardera begira «eztabaida berpiztu» ohi da. Haien ustetan, urte osoan zehar hitz egin behar da, eta horretarako talde eta ikuspegi desberdinekoen arteko etengabeko lana egiten ari dira herrian. «Dialogoa gakoa da, iritzi edo helburu bera dutenen artean errazagoa izan ohi da, baina errespetuan oinarrituta denok hitz egin dezakegu, errespeturik gabe ezin baita mahai baten bueltan eseri hasteko», argitzen dute.