Lau urte iraun dituen auzibidearen ondotik jaso dute abisua gaztetxeko kideek. Prozesu-judizialak proiektuaren etorkizuna kinka larrian jar zezakeela ohartarazi zuten hasieratik, baina susmorik txarrenak baieztatu ditu epaiak.
2017ko maiatzean hasi zen Arrotxapeko gaztetxearen arduradun gisa identifikatu zituzten hiru pertsonaren aurkako epaiketa. Hiru aldiz igaro dira epailearen aurretik, eta prozesuaren azken zatian defentsarako eskubidea urratu zaiela salatu dute.
La Caixak, Iruñeko Udalak eta Talleres San Pedro enpresak osatutako konpentsazio-batzordea da auzi-jartzailea , eta banketxea da eraikinaren erdia baino gehiagoren jabea. Hirigintza proiektu bat garatzeko asmoa dute gaztetxea hutsu eta eraitsi ondoren.
2014ean auzo diagnostikoa egin ondoren sartu ziren gazteak Artika kaleko 28. zenbakian zegoen Carser autobus enpresaren nabean. 2008tik hutsik zegoen eraikina, eta gazteek beharrezkoa zuten espazioa izan da azken bost urteetan.
Orain gaztetxea husteko mehatxuaren aurrean, antolatzeko eta horrelako guneak defendatzeko eskatu die herritarrei. Datozen egunetan jakinaraziko dute sare sozialen bitartez zein erantzun prestatu duten.