argia.eus
INPRIMATU
Gazteluetako maisuarengandik sexu abusuak salatu dituen gaztea, epaiketan deklaratzen lehena
  • 12-13 urterekin maisuarengandik sexu abusuak jasan zituela salatu zuen Leioako Gaztelueta ikastetxe erlijioso kontzertatuko ikasle ohi batek eta salaketari sinesgarritasuna eman dio instrukzio epaileak: ostegun honetan abiatuko da epaiketa. “Semeak bizitako infernua” amaitzea nahi du familiak, ikastetxeak ordea irakaslea babestu du orain arte eta mutikoaren bertsioa gezurtatzen saiatu da.

Mikel Garcia Idiakez @mikelgi 2018ko urriaren 03a

Irakasle-ikasleen arteko banakako egonaldiak baliatuz, bi ikasturtetan zehar, 12 eta 13 urte zituela, irakasleak gehiegikeriak egin zizkiola salatu du ikasle ohiak, besteak beste neska biluzien irudiak erakutsiz, arropako botoiak askatuaraziz eta ukituak eginez. Gertaera haiei lotuta, kanpora joan behar izan zuen familiak, mutila bere buruaz beste egiten saiatu zen eta gaur egun psikologoarenera joaten jarraitzen du. Juan Cuatrecasas aitak hainbat hedabideri esan dionez, urduri dago semea, eta hark ziklo bat itxi ahal izateaz gain, justizia eta gizartea sentsibilizatzea da bilatzen dutena, erasotzaileen jarduna ez dadin beti inpunitatean geratu.

Gazteluetak ez zuen protokoloa martxan jarri

Gaztelueta Opus Deiren ikastetxea da, eta Elizak eskua sartu duela uste du Cuatrecasasek. Eskolak akusatua biktima gisa tratatu duela eta familiaren aurka denetik esan dutela gaineratu du. Gogoratu du sexu abusuak salatu zirenean ikastetxeak ez zuela protokoloa martxan jarri, ikuskariak hiru aldiz hala eskatu zion arren.

Ikastetxeko zuzendaritzatik diote eurek garden jokatu dutela uneoro, eta ez dutela irakaslearen kontrako frogarik aurkitu. Praktikan, Gazteluetak irakaslea babestu du orain arte: besteak beste, 25 ikasle eta irakasle "bultzatu" zituen salaketa ukatzen duen dokumentu bat sinatzera (ikaskide batek, baina, biktimari eman zion arrazoia), eta duela gutxi webgune bat sortu du, ikasle ohiaren bertsioa gezurtatzea helburu.

Auziak sei saio ireki izango dituela aurreikusten da eta gazteak deklaratuko du aurrena, bionbo baten atzean. Ikasle ohiaren defentsak 10 urteko espetxe zigorra eskatzen du akusatuarentzat, fiskalak 3 urtekoa, eta akusatuaren defentsak absoluzioa, abusurik ez zela izan argudiatuta.