argia.eus
INPRIMATU
Gazteluetako irakasle ohiarentzat hiru urteko zigor eskariari eutsi dio fiskalak
  • Zigor horren alternatiba gisa, 20 hilabetekoa ere proposatu du.

ARGIA @argia 2018ko urriaren 11

2008tik 2011ra bitartean, bi ikasturtez, Leioako Opus Deiko Gaztelueta ikastetxeko irakasle batek sexu abusuak egin zizkiola salatu zuen ikasle ohi batek. Honek adierazitakoaren arabera, abusuak pairatu zituenean 12-13 urte zituen, eta gehiegikerien ondorioz bere buruaz beste egiten saiatu zen eta gaur egun psikologoarengana joaten jarraitzen du. Instrukzio epaileak salaketari sinesgarritasuna eman zion, eta urriaren 4tik 11ra iraun du kasuaren gaineko epaiketak Bizkaiko Probintzia Auzitegian.

Fiskalak, akusazio partikularrak eta defentsako abokatuak azken ondorioak plazaratu dituzte osteguneko saioan. Fiskalak adierazi duenez, abusuak egon direla baina larrienak ezin izan direla frogatu uste du, beraz erasoak gertatu zirenean indarrean zegoen Espainiako zigor kodean sexu abusuengatik jasotzen den zigorrik arinena eskatu du: hiru urteko espetxe zigorra. Horren alternatiba modura, gaur egungo Espainiako zigor kodean oinarrituta, hogei hilabeteko zigorra eskatu du (azken honekin akusatua ez litzateke kartzelara joango). Bi aukeren artean bat aukeratzeko eginkizuna epaileari dagokio.

Akusazio partikularra hamar urteko zigor eskariaren alde agertu da, adingabe bati sexu abusu jarraituak egiteagatik, nagusitasun posizio batetik.

Defentsak, bere aldetik, absoluzioa eskatu du erasotzailearentzat.