Ama Birjin bezperako afaria kontrako eztarritik bidali diete mugimendu feministak eta Donostiako Piratek Gaztelubide elkarteko zenbait kideri, asteartean izandako hamaika sexu erasoek –bi bortxaketa barne– eragindako haserrearen ondorioz. Urtero abuztuaren 14ko gauerdian egiten duten Festara ekitaldia ezin izan dute normaltasunez abestu, beren harridurarako inguruan ehunka oihuka eta zalapartaka izan baitituzte. "Erasorik ez erantzunik gabe" leloa ozen entzun da hiriko Alde Zaharreko kalerik jendetsuenetan gauerditik aurrera.
Gauerdian Donostiako Alde Zaharrean gertatu dena ez da egunero ikusten. Mugimendu feministak eta Donostiako Piratek talka zuzena egin dute Gaztelubide elkarte gastronomikoarekin. Emakumeek ez dituzte gizonezkoen eskubide berak bertan. El Diario Vascoko artikulu honen arabera, debekatuta dute sukaldean sartzea, eta ez diete elkarteko bazkide izaten uzten. Horrez gain, emakumeak sar daitezke eguerdietan, larunbatetan egun osoz eta festa bezperetan afaltzera. Bestela, urte osoan zehar, gizonezko batek lagunduta egon behar dute barruan eta aurrez iragarri behar dute joango direla.
Gipuzkoako hiriburuan instituzio bat da elkarte gastronomiko hau, eta urtero adibidez, beraiek hartzen dute protagonismo nagusia Sansebastian eguneko danborradaren hasieran. Hala ere, 2019ko abuztuaren 14an salatu diren sexu erasoen ostean, kalejira feministaren jomugan amaitu du, noiz eta Aste Nagusiko beren gaurik garrantzitsuenean: Festara ekitaldia hastear zela.
Su artifizialak amaitu direnean, ehunka pirata feministak giza-katea egin dute Flamenka txozna gunetik Trinitate enparantzan afariak emateko antolatzen duten gunera. Aurreko egunean hamaika sexu eraso salatu ziren eta "ezin badugu partaideen erdiaren segurtasuna bermatu, ez dugu halako jairik nahi" adieraziz, egun osoko egitaraua bertan behera uztea erabaki dute. Gauerdian Alde Zaharrean kazolak hartuta eta protesta zaratatsua egitea zuten aurreikusia. Trinitate enparantzatik minutu batera dago Gaztelubide elkartea, ordea, eta Eneko Goia alkatea bertan egon zitekeela zurrumurrua zabaldu ostean, bertara bideratu dira protestariak.
Donostiako Piratek beren egitarau osoa utzi dute bertan behera, Udalak ez du halako neurririk hartu. Kontzentrazioa egin dute udaletxearen aurrean. Alkatearekin haserre, Gaztelubidera abiatu da kalejira, Festara ekitaldia hastear zela, bertan zai zirenen ezusterako. Gaztelubideko kideak abesten hasi baino minutu gutxi lehenago, ehunka lagunek, zartagi eta txilibituz hornituta, festa lehertu diete.
Iskanbila ikusita, abesbatzak aurrera egin du eta ordu erdiz bere abestiak abestu ditu, kaleko iskanbilaren erdian. Mugimendu feministako kideak eskaileretan gora igo direnean, tentsio uneak bizi izan dira.
"Beste urteetan Piratekin tregoa izaten dugu, guk abesten dugun bitartean isil daitezen; badirudi aurten ez dagoela halakorik", adierazi du zuzendariak azken kantua hasi aurretik, deseroso.
Ekitaldia amaitu denean, kalejirako ehunka lagunak Gaztelubide parera igo dira eta hortik Alde Zaharrean barrena jarraitu dute erasotzaileei "aurrean izango dituztela" adieraziz. Arratsaldean, azken hilabeteetako manifestaziorik jendetsuenak Donostia erdiguneko kaleak zeharkatu ditu "erasotzaileak, zuen jaia amaitu da, emakume* piratok autodefentsa feminista" lelopean.
Fermin Calbeton kalea gurutzatu ostean, Ikatz kalean amaitu dute protesta "Isil isilik dago" abestiarekin. Bideoa, Irutxuloko Hitzako kazetari Iñaki Agirreren eskutik.
Onena, ordea, amaierarako utzi dute: emozioz beteriko egun gogorraren ostean, manifestariak kantuan eta dantzan hasi dira bapatean Gizarte matxistari hortzak erakutsi eta, era berean, umorea ez galtzeko gai izan dira gaur @izanpirata eta @DFeministak. Bejondeiela! pic.twitter.com/t6EdjDBdTO
— Iñaki Agirre (@ikiagirre) August 15, 2019