argia.eus
INPRIMATU
Gaztelu batean bilduko da G7a protestaz inguratuta
  • Babariako alpeetako Elmau gazteluan bilduko dira G7ko buruzagiak ekainaren 7 eta 8an.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko ekainaren 02a
G7 gailurraren aurka berriki egindako protesta (Argazkia: AktionsBündnis Stop-G7-Elmau)

Gailurrean jorratuko diren gaiak, besteak beste, Estatu Islamikoaren aurkako borroka, Irango programa nuklearra eta  Ukrainako gatazka izango dira. Goi bileran ebola bezako gaixotasunen aurkako neurriak eta ingurumenaren zaintzak ere garrantzi berezia izango dute.

G7-a osatzen duten estatuak Alemania, AEB, Erresuma Batua, Frantzia, Italia, Japonia eta Kanada dira.

Errusiaren papera

2014.urtera arte G7ko herrialdeez gain Errusia ere munduko herrialde industrializatuenak biltzen zituen elkarteko kide zen. Ukrainako krisiaren ondorioz G8-tik kanporatua izan zen Errusia.

Errusia gailurrean ez egotearen ahots kritikoak agertu dira. Helmut Schmidt Alemaniako SPD-ko presidente ohiak esan du ez duela zentzuzkoa ikusten Errusia gailurrera ez gonbidatzea eta ulertzen du Mendebaldeko herrialdeen aurka Putinek aurrera eramaten ari duen politika.

Protestak eta kontrol soziala

Asteazkenean eta ostegunean protestak iragarri dituzte Munichen, eta bertan gailur alternatibo bat antolatu dute. Ostiraletik astelehenera bitartean “Bündnis Stop G7 Elmau” taldeak  akanpada bat deitu du gailurra egitekoa den Garmisch-Partenkirchen ingurunean. Asteartean erabakiko du Municheko epaitegiak protesta hau legezkoa den ala ez, ustez uholdeak egoteko arriskua baitago.

Eguraldi iragarpenak ordea, eguzkia eta 26 graduko tenperaturak egongo direla iragartzen du. Manifestarien aldarrikapenak, beste batzuen artean TTIP akordi neoliberalaren deuseztapena, NATO sustatzen ari den gerrak gelditzea eta errefuxiatuekiko elkartasuna dira.

Der Spiegel aldizkari alemaniarrak ostiralean argitaratu zuenez, zerbitzu sekretuek jada “kaosa eragin dezaketen” 3000 pertsona identifikatu dituztela eta protestetan 10.000 pertsona inguruk parte hartuko dute.

Alemaniako polizia manifestarien beldur da eta protestetara 20.000 agente inguru bideratu dituzte, Frankfurten Europako Banku Zentralaren inaugurazioan gertatutako liskarrak berriro ez errepikatzeko.

Soilik gailurra antolatze hutsak 350 milioi euroko kostua izango du.