Espainiako hezkuntza ministro José Ignacio Wert-en iritziz, gaztelaniak gaur egun Katalunian duen egoera, katalanak frankismo garaian zuenaren antzekoa da. Hori azaldu die kazetariei Madrilgo Kongresuko hemiziklotik kanpo.
Ahora egunkariak jaso duenez, Wertek adierazi du: “Gaztelaniak Kataluniako hezkuntza sisteman duen egoerak ez du transmisioa bermatzen eta mugatua dago, kanpoko edozein hizkuntza bezala. Horrenbeste gogora ekartzea gustatzen zaien garaietan katalanak zuen egoerarekin alderatzeko moduko da”.
CIUko diputatu Martí Barberák Kataluniako hezkuntza sistema “ezegonkortu eta gizarte kataluniarra banandu nahi izatea” egotzi ostean egin ditu adierazpen horiek ministroak.
Grabatuan izaten ari dela ez dakienean esaten du hori Wertek eta ondoren kazetariak esaldia errepikatzeko eskatzen dio grabatu ahal izateko. Ezezkoa erantzuten die: “Atzo jaio nintzela uste duzue edo?”. Audioan entzun daiteke Werten adierazpena, grabatua izaten ari dela ez dakienean.
Werten lehen adierazpenak dira ikastetxe kataluniarretako matrikulazioen kontra egin eta Espainiako Auzitegi Gorenak Kataluniako ikastetxeek ikasgaien %25 gaztelaniaz eman behar dituztela ondorioztatu ostean. Matrikulazio formularioetan gaztelania ikasketen ardatza izango den hizkuntza hautatzeko aukera ez egoteagatik egin zuen salaketa ministroak, Vilaweb-en arabera.