argia.eus
INPRIMATU
Gazteentzako plana iragarri du Frantziako Gobernuak, protestak baretzeko
  • Lan erreformak eragindako protestak baretu nahian, graduatuen laneratzea errazteko 500 milioi euroko plana iragarri du Manuel Valls Frantziako lehen ministroak. Sindikatuek ontzat jo dute erabakia.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko apirilaren 12a
Parisko République plaza hartu zuten Nuit Debout mugimenduko kideek. (Arg: Metronews)

Lan merkatura jauzi egiten duten gazteen prekarietateari aurre egiten saiatu nahi duela esan du Frantziako Gobernuak: enplegua aurkitzeko eta emantzipatzeko diru-laguntzak emango dizkie bide horretan.

100 milioi euro jarriko ditu Parisek alokairuan bizi nahi duten 30 urte arteko gazteentzat. Bestalde, datorren irailaz geroztik graduaturiko 16 eta 25 urte bitarteko kualifikazio urriko langabeei bekak lau hilez luzatzea aurreikusten du. Unibertsitateko ikasketetan diharduten baliabide urriko gazteentzat 1.000 euroko diru-laguntza ere iragarri du; eta Lanbide Heziketako ikasleentzat 10.000 lanpostu sortu nahi ditu 2021era bitartean.

Frantziako lehen ministroak argi utzi du lan erreformarekin jarraitzeko asmoa: “Ikasleen kezka serioei erantzutea da xedea, ez atzera egitea”. Gazteei bideraturiko planarekin kontent badaude ere, mobilizazioekin jarraitzeko asmoa iragarri dute UNEF, UNL, SGL eta LDIF sindikatuek.

Nuit Debout, 13 egunez

Martxoaren 31ko greba orokorrak kale okupazio plangintza jarri zuen abian: Nuit Debout mugimenduko kideek Parisko République plaza hartu zuten eta bertan daude oraindik. Plaza hutsarazi zuen Poliziak astelehen goizean, baina Nuit Debout mugimenduak berriz okupatu zuen.

Enplegu ministroaren erreforma kolokan

El Khomri Frantziako Enplegu ministroaren lan erreformak protestak eragin ditu Estatuan. Negozio-zifrak okertu edo enpresak berrantolatzekotan pertsonala murriztea, kaleraturiko langileei kalte-ordain txikiagoak ematea eta enpresa bakoitzeko akordioek hitzarmen kolektiboek baino pisu gehiago izatea ahalbidetzen ditu lege aldaketak, besteak beste.