argia.eus
INPRIMATU
Gazteentzako alternatiba sozioekonomikoak jasoko dituen dokumentala abian
  • Gure kabuz ala hil dokumentalaren bidez “kapitalismoaren logikatik kanpo” eta “autogestioan oinarritutako” proiektuak ezagutarazi nahi dituzte. Ikus-entzunezkoa finantzatzeko crowfounding kanpaina abiarazi dute sei gaztek.

Martin Mendizabal Garai @mendigarai 2015eko irailaren 23a

Proiektuaren atzean Onintza Rojas, Xalba Ramirez, Iraitz Salegi, Eneritz Arzallus eta Lander Arretxea eta Itsaso Zubiria daude, eta Topatu.info atariarekin eta Ernai antolakundearekin elkarlanean ari dira gazteak. Arretxea eta Zubiria ARGIAren ohiko kolaboratzaileak dira, eta ekonomia sozialeko esperientziak biltzen dituen Txanponaren Beste Aldeak saila daramate bertan.

Dokumentala osatzen ari direnek “gazte mugimenduan alternatiben inguruko eztabaida” sortu nahi dute. Proiektua “hausnarketa kolektiborako tresna” izatea nahi lukete, eta euren esanetan “aktibaziorako hainbat gako” ere badauzka. Dokumentalaren osagarri  “baliabideen liburuxka” argitaratuko dute.

 Nahiz eta dokumentala hainbat hizkuntzetara itzuliko duten, jatorrizko bertsioa euskaraz izango da eta azaro amaieran ikusiko du argia. Proiektua gaztetxeez gaztetxe aurkeztuko dute eta bertan eztabaidak antolatuko dituzte.

Proiektua crowfounding bidez laguntzen duenak kamiseta edo Gure kabuz ala hil dokumentalaren partxea jasoko du.