Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, 18 eta 34 urte bitarteko gazte soldatadunen hileko batez bestekoak lehenbiziko aldiz gainditu du 1.500 euroko langa. 2010arekin alderatuta, ordea, 142 euro besterik ez da igo.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan jarduten duen Eusko Jaurlaritzaren menpeko Gazteen Euskal Behatokiak azaroan emandako datuen arabera, 18 eta 34 urte arteko gazte soldatadun baten hileko batez besteko soldata 1.566 euro izan zen 2023an. Datu horrek, lehenbiziko aldiz, 1.500eko langa sinbolikoa gainditu zuen. Txostenak berak dio, ordea, 2010eko zifrarekin alderatuta, 142 euroko aldea baino ez dela. Izan ere, batez besteko soldatak beheranzko joera izan zuen 2010etik 2017ra bitartean –azken urte horretan erregistratu zen zifrarik apalena: 1.302 euro–, eta 2022ra arte ez zen gainditu 2010eko zifra.
Bestalde, urte horietako Kontsumoko Prezioen Indizearen igoera, Espainiako Estatistika Institutuak egindako kalkuluen arabera, %31,5ekoa izan zen. Horrek esan nahi du erosteko ahalmenaren galera handia dagoela soldatapeko gazteen artean, nahiz soldatan bertan igoera izan.
Egoera okerragoa dute 29 urtez azpikoek
Iturri beraren beste txosten baten arabera, egoera are kezkagarriagoa da 29 urtez azpiko landunentzat. Lanean ari diren adin horietako gazteen %22k dio 1.000 euro baino gutxiago jaso zituela inkesta egin aurreko hilean, eta %27k, berriz, 1.001 eta 1.500 euro garbi artean.
Aldea nabaria da 25 urtetik beherakoen eta 25 eta 29 urte artekoen artean. Izan ere, 25 urtez azpikoen artean, 1.000 euro baino gutxiago kobratzen dutenak %34 dira. Aldiz, 25 eta 29 urte artean, hilean 1.000 euro garbi irabaztetik behera daudenak %15 dira.
Emakume eta gizonen artean ere badago aldea: berdin dio adinak, gizonek kobratzen dute diru gehiago.
Bada salbuespen bat: 16 eta 29 urte artekoen artean, proportzioan, gizonak baino emakume gehiago dira 2.000 euro baino gehiago kobratzen dituztenak. Baina behin 30 urtera helduta, gizon gehiago dira.
Erosahalmenaren galera, adin guztietan
Ez da gazteen kontua soilik. 34 urtetik gorako herritarrek ere galdu dute erosahalmena, baina ez gazteen larritasun maila berean.
Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako soldatapeko landunen populazio orokorra hartuta, 2010ean 2.216 eurokoa zen batez besteko soldata. 2023an, aldiz, 2.692 eurokoa. Hortaz, egon den igoera %21ekoa izan da –34 urtez azpiko herritar landunen artean, igoera %10ekoa izan da–.
Kontsumo Prezioen Igoera, Espainiako Estatuan, %31,5ekoa izan bada ere azken hamahiru urteotan, bada Espainiako Estatistika Institutuak emandako beste datu bat, inflazioari dagokiona, nabarmen igo dena azken lau urteotan. 2024a %2,8ko igoerarekin itxi bazen ere, 2020tik hona %20koa izan da inflazio metatua.
Ekonomia datuak sarean zabaltzen dituen Datadicto kontuaren kalkuluen arabera, 2002an 1.000 eurokoa zen soldata, inflazio metatua aintzat hartu eta horri atxikita, 2024an 1.609 eurokoa izatearen baliokidea litzateke.