argia.eus
INPRIMATU
Gazteen proiektu kulturalak euskaraz garatzeko crowdfunding kanpainak martxan
  • Batera: kultur proiektuak elkarrekin diru-laguntza deialdiak hiru proiektu saritu ditu: Bizimundua, Tinta eta grafito artean: musak eta Erroak. Crowdfunding kanpainak martxan egongo dira martxoaren 30era arte.

Arabako Alea @ArabakoALEA 2020ko otsailaren 21
'Batera: kultur proiektuak elkarrekin' deialdiak hiru proiektu saritu ditu. / ALEA

Itziar Uriarte eta Irune Zabaleta, banaka, eta Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata, taldeka, iazko azaroan martxan jarritako Batera: kultur proiektuak elkarrekin deialdiko irabazleak izan dira. Antolatzaileen hitzetan, "Gasteizko gazteen proiektu kulturalak euskaraz garatzeko beste modu bat abiatu da".

Hiru proiektuen egileek hilabete pasa dute ideiak egikaritzeko crowdfunding proiektuak prestatzen. Kanpainak otsailaren 20an abiatu dira itsulapikoa.eus plataforman, eta 40 egun izango dituzte beharrezko dirua biltzeko. #KulturaBatera traolarekin sustatuko dituzte haien lanak, horretarako sortutako Instagram eta Facebook kontu ezberdinetan.

Hiru proiektu irabazleetatik bi liburuak sortu, garatu eta argitaratzeko proiektuak dira; hirugarrenak, berriz, ikus-entzunezko bat sortzea du helburu. Ondoren proiektuak garatzeko hiru hilabete izango dituzte, malgutasunez: apirila, maiatza eta ekaina. Azkenik, Oihanederren aurkeztuko dira ekainaren 23an.

Gazte gasteiztar hauen helburuak lortzen laguntzeko Oihaneder Euskararen Etxeak, Laboral Kutxa eta Vital Fundazioak 2.000 euroko ekarpena egingo diete irabazleei, aldez aurreko aholkularitzaz gain. Eta epaimahaia Gasteizko Udaleko Gazteria, Euskara eta Kultura zerbitzuetako teknikari banak eta Oihaneder Euskararen Etxeko arduradun batek osatu dute.

Aurkeztutako lan guztien artean, epaimahaiak hiru proiektu hauek aukeratu zituen, "originaltasuna, elkarlanerako joera eta inguruarekin duten lotura" dela-eta, Oihanederreko Iñaki Lazkanoren hitzetan.

'Bizimundua'

Bizimundua proiektuak emakumeen inguruko egoera ezberdinak jorratzen dituen ipuin liburua osatu nahi du, hiru euskarri ezberdinetan garatuta: ohikoa, braile hizkuntzan garatutakoa eta zeinu hizkuntzan, bideoan grabatutakoa.

Itziar Uriarteren hitzetan, "haratago joatera gonbidatzen zaituen ipuin bilduma inklusiboa da. Proiektu honek, euskara oinarritzat hartuta eta zeinu hizkuntza zein braillea bidelagun izanda, kulturaniztasuna eta giza eskubideak gure errealitatera ekarri nahi ditu. Bizimunduako ipuinez gozatzera ausartzen dena, ezinbestean, begiak irekitzeko prest egon behar da".

'Tinta eta grafito artean: musak'

Tinta eta grafito artean: musak lanean, aldiz, olerki liburuxka ilustratu bat osatuko du Irune Zabaletak: "Adiskide batzuk esan didate maiz noiz argitaratuko nituen, eta ez nuen ezta ideia hori pentsatu ere. Baina denbora joan ahala ez zitzaidan ideia txarra iruditu. Azkenean, denori gustatzen zaigu sentiaraztea, identifikatuta sentitzea, ezta? Horrela txikitako amets bat betetzea lortuko nuen ere bai: idazlea izatea eta bi urteko lan horri beste bide bat ematea".

'Erroak'

Hirugarren proiektua, Erroak, berriz, ikus-entzunezko formatuan garatuko dute Sergio Azkarate, Irati Lekue, Itziar Hormilla, Nefer Olaizola eta Erlantz Mata taldekideek: Arabako herriei buruzko dokumental honetan zenbait herri nola hustutzen ari diren kontatuko dute.

Euren hitzetan: "Hutsik geratzen ari diren Arabako herri txikietako egoera azaleratu nahi dugu Erroak dokumentalaren bitartez, biztanle hauekin elkarrekin topo eginez eta euren egunerokotasuna islatuz".