argia.eus
INPRIMATU
Gazteen osasun mentalaren okertzearen atzean dauden interesak salatu ditu Ernaik OPUSeko Klinika Unibertsitarioan
  • Gazteen bizi-prekaritateak buru osasunean okertzean duen eragina salatu du Ernaik OPUSeko Nafarroako Unibertsitate Klinikan egindako hitzaldi batean. Gazte antolakundeak buru osasunaren okertzearen arrazoiak gazteen prekarizazio prozesuan kokatu ditu. Gazteen bizitzen eta osasunaren kontura gutxi batzuk aberasten ari direla salatu du Ernaik eta gazteen egoerari aurre egiteko urgentziazko neurrien beharra azpimarratu du.

Ahotsa.info @ahotsainfo 2022ko otsailaren 23a

OPUSeko Nafarroako Unibertsitate Klinikaren atarian, Iruñean, batu ziren asteartean hamaika gazte. Klinikako atarian gazteen osasun mentalaren inguruko hitzaldia eman zuten Ernaiko kideek. Ane Alava Ernaiko bozeramailea eta Aimar Senosiain psikologia ikaslea aritu ziren hizlari... Foruzaingoa agertu zen arte. Orduan amaitu behar izan zuten gazteek beren hitzaldia. Dirudienez, Unibertsitate Klinikako segurtasun arduradunek gazteen presentziaz ohartarazi zieten poliziei.

Buru osasunaren atzean egiturazko arrazoiak daudela azpimarratu dute. "Gazteak kapital metaketarako lan esku merkea diren heinean, haien bizitzen prekarizazio prozesuan sakontzen ari dira elite ekonomiko zein politikoak. Aldi baterako lan kontratuekin, emantzipatzeko ezintasunarekin, bizitzaren garestitzearekin oro har... Pandemian zehar gazteenganako kriminalizazioak, hezkuntza-prozesuetan izandako etengabeko oztopoak, lehiakortasuna, exijentzia sozialak eta bizi eredu normatiboak edota aisialdi eredu kapitalista" kokatu zituzten arazo horien iturburuen artean.

Osasun mentalari aurre egiteko baliabide publiko falta handia dagoela salatu zuten. Gaineratu zuten sektore pribatuak negozio bilakatu duela buru osasuna eta gutxi batzuk egoeraz baliatzen ari direla etekinak handitzeko. "Osasungintza publikoaren desmantelamendua eta kolapsoa" ere interes horien pean kokatu zuten. "Egiturazko arrazoiei jaramonik ez eta sasi-irtenbide paliatiboaren joera nagusitzen ari dela" azaldu zuten Ernaikoek. "Medikalizazioan eta buru gaixotasunen arazoen arintzean jartzen ari da fokua, erroko erantzunak eman beharrean", salatu zuten.

Gazteen egoerari aurre egiteko urgentziazko neurrien beharra azpimarratu zuen Ernaik. "Osasun mentala gazteon prekarietatearen itzala baita. Baina argi dute irtenbidea ezin dela erdibideko proposamenekin konpondu, sistemaren baitan gazteontzako bizitza duinik ez baita posible". Zentzu horretan berretsi ziren gazteak "bestelako Euskal Herria" eta jendarte baten aldeko eraikuntza-lanean eta borrokan. "Gazteok geure egoera iraultzeko giltza geure eskuetan baita, eta ez beste inorenean. Bizitza bizigarri eta duinak izateko bestelako herri eredu baten beharra" azalerazi zuten, "sozialismoa eta feminismoa ardatz izango dituen Euskal Herriarena, alegia".

"Burujabetza eta eraldaketa sozialaren aldeko borroka, hortaz, gazteen ezinegonari eta prekarizazio prozesuei aurre egiteko tresna gisa" ulertzen dute Ernaiko gazteek eta gonbita luzatu zioten gazteriari "Euskal Herrian irekitzen ari den ziklo mobilizatzailera batu eta elkarrekin borrokatzera".