argia.eus
INPRIMATU
Gazteen enplegua Urkulluren diskurtsoan: lanpostuak sortzeko promesatik emigratzea proposatzera
  • Lan munduan muga fisikorik ez dagoela adierazi du Iñigo Urkullu EAEko lehendakariak, EGI EAJren gazteriak larunbatean eginiko “Enplegua: gure erronka, gure etorkizuna” jardunaldietan. “Enpresen egungo esparrua merkatu globala da”, adierazi du. Bide horretan, atzerrira joatea proposatu die gazteei, “itzultzeko helburuarekin”.

Iker Oñate Aiastui @iker_onate 2016ko maiatzaren 02a
EGIk larunbaten eginiko jardunaldietan esku hartu zuen Iñigo Urkulluk. (Arg: EAJ)

2009an krisi ekonomikoa hasi denetik gizartean jarrera aldaketa gertatu dela adierazi du Urkulluk. Bere esanetan, “iraganean gurasoek harrotasunez zioten beren seme-alabak atzerrira joanak zirela”. Adierazi du enpresen esparrua EAEtik harago doala.

Gaineratu du “heziketa egokitzeko eta etorkizuneko sektore estrategikoak definitzeko” xedez jardun behar duela EAEko gobernuak eta “kalitate altuagoko lanpostuak sortuko dituen herrialde lehiakorrago” baten alde azaldu da.

Urkullu 2012an: "Lanpostuak sortzeko baliabideak jarriko ditugu"

EAJren baitan diskurtso aldaketa nabari da azken urteetan gai honen inguruan. Gazteen enplegua bultzatzeko konpromisoa hartu zuen alderdiak 2012ko EAEko hauteskunde kanpainan. “Guztia gazteen zerbitzua”, esan zuen Urkulluk. Bide horretan, gazteek ikasketak amaitu ostean atzerrira joan beharrik ez izateko lanean jardungo zutela adierazi zuen, 20.000 gazteri lana lortzen laguntzeko neurriak iragarriz: “Lanpostuak sortzeko beharrezkoak diren baliabideak jarriko ditugu”.

Hauteskunde kanpainan lan munduan sartu nahi duten belaunaldi berrien “talentua eta iniziatiba” laudatu zituen orduan Urkulluk, eta horien alde lanean jarduteko konpromisoa hartu, “hitz gutxiago eta ekintza gehiago” iragarriz.  

Ia 10.000 gazte joan dira EAEtik

Espainiako Gazteriaren Kontseiluak 2015ean argitaraturiko Gazteria beharrezkoa txostenaren arabera, krisia hasi denetik 9.699 gaztek utzi dute EAE. Egoerak berak 4.410 milioi euroko kostua izango zukeen 2025.urtera bitartean, dokumentuak iragarri zuenez. Atzerriko herrialde batean ekoitzi eta zergak EAEtik at ordaintzeak, hezkuntzan inbertitzen den dirua “xahutzea” dakar, Espainiako Gazteriaren Kontseiluaren esanetan.