argia.eus
INPRIMATU
“Gazteen emantzipazioa bultzatzeko” kenkariak, EAEko erreforma fiskalaren helburuen artean
  • Erreforma fiskalak jaso dituen neurriak aurkeztu dituzte Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiek. EAJk eta PSE-EEk adostutako testuari, gainerako alderdiek zuzenketak egiteko epea ireki da orain.

Jon Torner Zabala @jtorner 2024ko azaroaren 12a
Alokairuan bizi diren 36 urtetik beherako gazteek, guraso bakarreko familiek, %65etik gorako desgaitasuna duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktimek %35eko kenkaria izango dute. Calafellvalo / Flickr

"Etxebizitzaren arloan errentamendua bultzatzen da, alokairu eskuragarriaren eskaintza handitzeko pizgarri fiskalak indartuta", adierazi dute Ogasuneko hiru foru diputatuek (Itziar Gonzalo arabarrak, Itxaso Berrojalbiz bizkaitarrak eta eta Itziar Agirre gipuzkoarrak), tokian tokiko batzar nagusietan egindako agerraldietan. EAJk eta PSE-EEk adostu duten zerga erreformari dagokionez, diputazioek azaldu dute "zerga sistemaren izaera birbanatzailean eta, beraz, sistemaren progresibitatean aurrera egiten jarraitu nahi" dela, baita EAEko "ekonomia eta gizarte ehunaren berrikuntzaren eta lehiakortasunaren aldeko apustuari" eutsiko zaiola ere, hainbat erronkari helduta: demografikoa, fiskalitate berdea, genero berdintasuna, errenta txikienak dituzten zergadunen babesa, gazteak, kontziliazioa, etxebizitza, enplegua edo pentsioak.

Alokairua ordaintzeagatik, 2.800 euro arteko kenkariak

Etxebizitzaren gainean arreta berezia jarri dute diputazioek. Atal horri dagozkion hainbat neurri jaso ditu zerga erreformak, besteren artean: alokairuan bizi diren 36 urtetik beherako gazteek, guraso bakarreko familiek, %65etik gorako desgaitasuna duten pertsonek eta genero-indarkeriaren biktimek %35eko kenkaria izango dute; urtean 2.800 euro artean berreskuratu ahal izango dituzte errenta aitorpena egitean.

"Gazteen emantzipazioa sustatzeko helburuarekin, ohiko etxebizitza eskuratzea erraztu da", foru aldundiek azaldu dutenez, etxebizitza erosteko aurrezki kontuen epea sei urtetik hamarrera luzatuta. Halaber, etxebizitza erosteagatik 8.500 euroko gehieneko inbertsio-muga desagertu egingo da lehen urtean, eta senideren baten bitartez jasotako maileguek ez dute zergarik izango; gainera, ohiko etxebizitza alokatu edo erosteagatik aplikatzen diren kenkariak jasotzeko adin-muga igo egingo da, 30 urtetik 36ra. Kenkaririk ez dute jasoko urtean 85.000 eurotik gorako errenta duten zergadunek. Egun, zergadun guztiak izan daitezke kenkarien onuradun, errenta-mugarik gabe.

Bestalde, urtean 19.000 euro baino gutxiago irabazten duten zergapekoek ez dute PFEZ errenta aitorpenik egin behar izango. "Lanbide arteko gutxieneko soldatatik gora, 2024an 15.876 eurokoa izan baitzen", nabarmendu dute aldundiek.

"Berdintasun eraginkorra"

"Akordioak benetako berdintasun eraginkorra sustatzen duten ekimen fiskalak jasotzen ditu, kontziliazioa hobetzeko, betiere erantzukizun profesionalen eta familiarren arteko bidezko oreka bermatzeko", azaldu dute foru aldundiek. "Emakumearen diskriminazio positiboaren aldeko apustua egin da, kenkarien eta murrizpenen portzentaje jakin batzuk handituta, emakumeek enpresa eta ekonomia sarean parte har dezaten sustatzeko", gaineratu dute. "Horren adibide da PFEZean emakume ekintzaileentzat %15eko (%10etik %15era) murrizpena finkatzea".

Bestalde, bizikidetza unitateei "ikusgarritasuna ematea" xede, "familia unitatearen konfigurazioan berrikuntzak sartu dira". Norbanako eta familientzako kenkari berriak izango dira. Esaterako, 3 urtetik beherako haurrak zaindu ostean lanera itzultzeagatik aplikatutako kenkaria (eszedentzia edo lanaldi murriztapena) igo egingo dute. 1.200 eurokoa izango da emakumeentzat eta 1.500 eurokoa gizonentzat.

EH Bildu: "Ez da erreforma fiskala, erretoke fiskala da"

"Aurkeztu zaiguna ez da erreforma fiskala, erretoke fiskala da; garai honek erreforma sakona eskatzen du", adierazi du Nerea Kortajarena legebiltzarreko EH Bilduko bozeramileak Bizkaia Irratian egin dioten elkarrizketan. "Ez dago dokumentu bat ere honen inguruko lanketa egiteko. Bilera bat ere ez da egon. Honek planteamendu sakonagoa eskatzen du, are gehiago kontuan hartzen badugu Gipuzkoan eta Araban EAJ-PSEk ez dutela gehiengorik". Aurrekontuen negoziaketari dagokionez, Kortajarenak esan du "jauzia eman" behar dela, eta "herritarrei erantzunak emateko politika publikoetan egiturazko aldaketak egin". Bere hitzetan, etxebizitza politikan eta gutxieneko soldata propioan bidea egin behar da, baita zaintza politiketan eta trantsizio energetikorako politiketan ere. "Jaurlaritzak badu gehiengo nahikoa aurrekontuak ateratzeko, baina EH Bilduren babesa nahi badute, Jaurlaritzak lan egin beharko du", adierazi du.

Euskadi Irratian, bestalde, Imanol Pradales EAEko lehendakaria elkarrizketatu dute. "Aurrekontuen negoziazioan EH Bilduk Nafarroan duen jarrera EAEn ikustea da nahi dudana", esan du. "Herriak dituen erronkek eskatzen dute oposizioko alderdien ekarpenak ekartzea aurrekontuetara", gehitu du, nahiz eta berretsi duen Eusko Jaurlaritzak datorren urteko aurrekontuak ateratzeko ez duela oposizioko alderdien beharrik. Zerga erreforma hizpide, EAJk eta PSE-EEk adostutako akordioak "neurri oso positiboak" dituela dio, eta "zaila" izango dela horiei "ezetz esatea". Izan ere, Bizkaian ez bezala, Gipuzkoan eta Araban oposizioaren babesa behar dute erreforma onartzeko: "Gazteei etxebizitza erosteko erraztasunei ezetz, trantsizio energetikorako pizgarriei ezetz, enpresen kenkariei ezetz, kontziliazioari ezetz... ez dute hain erraza izango ezetza justifikatzea".