argia.eus
INPRIMATU
Gazteak izango dira protagonista Durangoko Azokako bigarren egunean
  • Durangoko Azokak urtero gordetzen du egun bat gazteak euskal kulturara erakartzen saiatzeko. Aurten osteguna da egun hori eta egitaraua ikasleei zuzenduriko jardueraz beteta dator.

ARGIA @argia 2017ko abenduaren 07a
Gazteei zuzenduriko jarduera ugari izango da gaur Durangoko Azokan.

Tailer ugari ikusten dira osteguneko Durangoko Azokako egitarauan, ikasleei zuenduak, produktu kulturalen kontsumitzaile soil izatetik harago, euren sortzeko grina bultzatzera bideratuak. Adibidez, 10:30ean Maite Mutuberriak “Liburu bat egingo dut” tailerra eman du areto nagusian.

Sormena digitala ere izan daiteke eta azokako Kabi@ espazioan hori kitzikatu nahi dute, Android gailuentzat aplikazioak egiten erakutsiz (11:00etatik aurrera) edo “autodefentsa digitala” zer den esplikatuz (16:30etik aurrera).

Irudienean berriz, marrazki bizidunak egiteko ikastaroa dago martxan 10:00etatik eta arratsaldean, 16:30ean bikoizketaren alorrean lehen urratsak ematen ikasi ahalko du Zugaza zinera joaten denak.

Ez dadila musika eten

Zuzeneko kontzertuen artean, azkenaldian zeresana ematen ari den Aneguria ikusteko parada izango da 14:20tik aurrera Ahotsenean. Eta gazteen artean sona lortu duen ETSk Ametsetan diskoa aurkeztuko du 19:00etan. Gainera, Beñat Axiarik, Joseba Irazokik eta Julen Axiarik Robbie Bashoren lanaren inguruan osatu duten Bas(h)oan  aurkeztuko dute eta Jon Piris, Julen Izarra eta Hasier Oleagak Trizak diskoa.

Literatur lanen artean Anjel Lertxundiren Horma nobela nabarmentzen da gaurko aurkezpenen artean: 11:30ean aurkeztuko du Ereinen eskutik publikatu duen azken liburua.

Proposamen ezohikoagoen zaleek ondo egingo dute 17:00etan Iñigo Urdinagaren Surflaria eta paradisua liburuaren aurkezpenera joaten. Surfa ardatz duen euskarazko liburu banaketakoa da Orioko autorearena.

Nazioarteko literatura euskarara ekartzen lan eskerga egiten duen Igela argitaletxeak Amélie Nothomben Hodien metafisika aurkeztuko du –idazle belgikarrari itzuli dioten hirugarren liburua da–. Aurkezpen horretan bertan Josep Plaren Kale estua-ri buruz ere hitz egingo dute, idazle kataluniarrari egin zaion lehen itzulpena euskarara.

Gaurko programazio osoa Durangoko Azokaren webgunean ikus dezakezue.