Langileek salatu dute zuzendaritzak ez diela lan baldintzen gaiari heldu nahi izan eta enpresak nahiago izan duela Gaztea Sariak ekitaldia bertan behera utzi, “horrek sortutako albo-kalte ekonomiko eta sozial guztiekin”, arazoari irtenbidea eman baino.
Gaztea eta EiTB Musikako langileak dira hasiera batean grebara jotzea erabakia zutenak: kexu dira, iritzi diotelako duten kategoria profesionalak ez dituela eguneroko euren eginbeharrak aitortzen. “Urteak daramatzagu gure egoeraren birplanteaketa eta gure lan kargak eta ardurak exijitzen duten kategoria eskatzen”.
Oharrean langileek gehitu dute enpresaren erantzuna “erabateko isiltasuna” dela, zuzendaritzak ez diola gaiari “heldu nahi izan” eta ez duela egoera eztabaidatzeko “inolako aurrerapausorik eman”.
Gaztea Sariak ekitaldia, ostegun honetan Euskalduna Jauregian egitekoa zena, bertan behera geratu da, eta hala jakinarazi dute langileek eurek, Instagramen sortu duten desGastea kontuan.
ELA sindikatuak ondoren ateratako oharrean irakur daitekeenez, Gaztea Sarien ekitaldia ez egiteko erabakiak "gatazkak oihartzunik ez izateko asmoari erantzuten dio" eta zuzendaritzari leporatu dio greba "zapuztu" nahi izatea. Ekitaldia bertan behera geratu denez, sindikatuak azaldu du langileek azkenean ez dutela grebarik egingo.