argia.eus
INPRIMATU
Gazte txinatarrak gehienez ere hiru orduz aritu daitezke astean bideo-jokoetan
  • 18 urtez azpikoek soilik ostiral, larunbat eta igandeetan jolastu ahal izango dute bideo-jokoetan, gehienera ere ordubetez egunean. Legearen helburua gazteen osasuna babestea dela dio Txinako Gobernuak, baina jokoen fabrikatzaileek salatu dute gehiegizkoa dela, eta Gobernuaren nahia enpresa teknologikoen boterea murriztea besterik ez dela.

Jon Torner Zabala @jtorner 2021eko irailaren 21
Argazkia: pxfuel.com

Jaione Dagdrømmer-ek Gaztezulo aldizkarian plazaratutako artikuluak jarri gaitu albistearen arrastoan. Dioen moduan, aipatu egunetan –eta jai egun zehatzetan– soilik ordubetez jolastu ahal izango dute, eta 20:00etatik 21:00etara bitartean derrigor. Gaur arte, gazteek 1,5 orduz jolas zezaketen eskola-egunetan, eta egunean 3 orduz oporretan.

Neurri berri hauen aurrean, fabrikatzaileek debekatua izango dute euren zerbitzuak adin txikikoei eskaintzea ordutegi horietatik eta egun horietatik kanpo. Egiaztapen sistemak ezarri beharko dituzte, gainera, adin txikikoak dokumentuak faltsutuz sartu ez daitezen.

Interes gatazka

Txinan 110 milioi adinez txikiko aritzen dira bideo-jokoetan, Reuters agentziak bildutako datu ofizialen arabera. Erdia baino gehiago (%62,5) on-line aritzen dira, eta %13k bi ordu baino gehiago ematen du egunean jolasean mugikorraren bitartez. aldiz, bideo-jokoen fabrikatzaileek diote  euren negozioaren parte oso txikia osatzen dutela adinez txikikoek. Tencent enpresak emandako datuen arabera, irabazien %3 baino ez dute ordezkatzen, La Vanguardia egunkariak nabarmendu bezala. Hain justu, Tencent, NetEase eta Ubisoft  bezalako konpainiek gogor kritikatu dute Gobernuaren erabakia, helburutzat enpresa teknologikoen indarra murriztea besterik ez duelakoan. Egia esan, herritarrak are gehiago kontrolatzeko trikimailua izan daitekeela pentsatzeak badu zentzurik.

2019tik gaixotasun gisa onartua

Munduko Osasun Erakundeak 2019an sartu zuen bideo-jokoekiko menpekotasuna gaixotasunen nazioarteko sailkapenean, duela gutxi beraz, eta arazoari buruzko datu globalik ez dago oraindik. Badira ordea hainbat ikerketa gaiaren dimentsioaz jabetzeko argigarriak. AEBetako Osasun Institutuak plazaratutako datuen arabera, 2.000 lagun aritzen dira mundu osoan bideo-jokoetan, eta haietatik %3k du adikzioa, adinez txikikoek baino gehiago, helduek.