argia.eus
INPRIMATU
Gazte Topagune Sozialistarako bonoak eskuratzeko azken egunak
  • Urriaren 8tik 12ra Altsasuk Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista hartuko du. Kanpalekua eta hainbat gune izanen dira. Bertan hitzaldiek eta aisialdiak osatzen dute egitaraua. Sarrerak bono moduan www.gks.eus webgunean salgai daude, igandera arte.

Guaixe .eus @guaixe 2021eko urriaren 01
Topaketak aurkezteko aurkezpen erronda egin dute herrietan. @GKS_Sakana

Azpeitiak (2019) eta Legutiok (2020, pandemia dela-eta bertan behera geratu zen) Euskal Herriko Gazte Topagune Sozialista hartu ondoren, aurten Altsasuren txanda izanen da. Gazte Koordinadora Sozialistak eta Ikasle Abertzaleak-ek antolatu dute topagunea. Antolatzaileek azaldu dutenez, “azkeneko ikasturteak pandemia eta krisi kapitalistak baldintzatuak egon dira, hamaika izanik eskubide zibil zein politikoetan ezarri dituzten urraketak”. Bai GKS bai IAko kideek “hezkuntza esparruetan antolakuntza komunistaren baitan lanean jarraitzeko hautua” egin dute, “instituzio burges eta alderdi politikoen influentziatik kanpo gure jardun politikoarekin jarraituz”. 

Topagune Sozialista antolatu dute “antolakuntza independente bat garatzeko gaitasunak handitzeko helburuarekin, egungo zenbait auzi politikoren inguruko hausnarketa bultzatuz eta aisialdirako egitarau oso bat prestatuz”. Hausnartzeko honako gaiak jorratuko dituzten hitzaldiak antolatu dituzte: krisi kapitalista eta estrategia sozialista berriaren oinarriak; borroka ekonomikoak ikuspegi sozialistatik aztertuz; askatasun politikoen aldeko borrokaren garrantzia eta zapalkuntzei aurre egiteko metodologia politikoaz. Horiekin batera, Euskal Herriko testuinguru politikoa aztergai duen mahai ingurua izanen da. Horretaz aparte kontzertuak, kirol-ikuskizunak, olinpiadak eta bertso-saioak ere antolatu dituzte.