argia.eus
INPRIMATU
Gazte Topagune Sozialista “berme guztiekin” antolatuko dute GKS eta IAk
  • EH Bilduk eta Sortuk “jarrera baztertzaile eta debekatzaileekin jarraitzen" dutela salatu eta Topagune Sozialistaren egitaraua "berme guztiekin" egin dadin "moldatu eta egokitu" behar izan dutela adierazi dute GKSk eta Ikasle Abertzaleak antolakundeek.

Izaro Villarreal Lauroba 2023ko urriaren 04a
Agerraldia egin dute Burlatako udalaren parean (Argazkia: Gedar)

Burlatako udalaren parean elkartu dira astearte honetan Gazte Koordinadora Sozialistako (GKS) zein Ikasle Abertzaleakeko (IA) hainbat kide. Azken asteetan EH Bildu-Sorturen partez "jasaten ari diren beto politikoa" salatu eta Gazte Topagune Sozialistak aurrera jarraitzen duela esan dute: “Gazteok bizi dugun pobretze egoeraren aurrean kontzientzia politikoa pizteko eta pentsamendu kritikoa sustatzeko elkargune bat modu burokratiko batean debekatzea guztiz onartezina da; are gehiago, motibo politiko eta arbitrarioetan oinarritutako debekua denean”.

Topagune Sozialistako egitaraua bi egunetara murriztuko dute. Urriak 13 eta 14an egingo da, Atarrabian eta Burlatan.

“Izaera politikoa” izango duen egitarau gisa definitu dute eta milaka "gazte politizatu" batzeko espazioa izatea nahi dute, "pentsamendu kritikoa sustatzeko" eta gizarteak bizi duen "krisi" egoeraren aurrean "kontzientzia politikoa pizteko". Formakuntza politikoan zentratuko den egitaraua izango da, bi egun horietan hitzaldiak eta aldarrikapenak egitera bideratuta egongo dena: “Gazteon pentsamendu kritikoa bultzatzeko, ez dugu udal debekatzaileen baimenik behar”. Konpromisoa hartu dute, gainera, egunez izango diren ekimenak ez dutela inolaz ere “herriko egunerokotasuna oztopatuko”.

Gazteek salatu dute egoerari "irtenbide" bat emateko EH Bildu-Sortuk "pasiboki" jokatu duela: “Ez dugu beraien partetik inolako erantzunik jaso eta hartu dituzten erabakien zergatiak azaldu ordez, auzotarrak eta herritarrak Mugimendu Sozialistako kideon aurka jartzen saiatu dira”.

Antolakuntzarako deia

Aurrerantzean, gisa honetako “debeku” eta “arbitrarietateak” errepikatu ez daitezen, “langileak instituzioetatik harago politika egiteko ditugun eskubideak defendatzea” beharrezkoa dela azpimarratu nahi izan dute. Gazte Topagune Sozialista "berme guztiekin" egiteko konpromisoa berresteaz gain, Atarrabia eta Burlatako gazteriari eta, oro har, herritar guztiei bertako ekimenetan parte hartzeko deia luzatu diete.