argia.eus
INPRIMATU
Gazte migratzaile baten hilotza aurkitu dute Zabalgarbiko errauste plantan
  • Hildakoa 20 urteko pertsona migratzailea da. Hipotesi nagusiaren arabera, gaua pasatzeko sartu zen edukiontzian, eta ez zen ohartu zabor-kamioiaren iritsieraz. Dirudienez, Bilboko kontainer batean gertatu zen ezbeharra, eta informazio horretatik abiatuta, AZET Etxebizitza Sindikatuak Bilboko Udala jo du erantzuletzat; gertakaria azken hilabeteetan kalean bizi den jendearen aurkako jazarpena areagotu izanaren ondorio dela salatu dute.

ARGIA @argia 2022ko maiatzaren 04a
Urte hasieran Bilboko Udalak Atxuriko kantxan hesitu zituen, bertan lo egiten zuen jendeari gaua sarbidea itxiz. Argazkian, udalaren erabakiaren aurkako elkarretaratzea. \"Hemen lo egiten dugu, aterpetxeak falta direlako\", irakur daiteke pankartan. (Argazkia: Ecuador Etxea)

Astearte goizaldean, 05:15 aldera, Alonsotegiko Zabalgarbi errauste plantako langileek abisua eman zioten Ertzaintzari. Kamioiek erraustegira eramandako hondakinekin lanean ari zirela, zehazki hondakinak husteko eta tratatzeko prozesuan, gorpu bat izan zitekeena begiztatu zuten.

Ertzaintza eta auzitegiko medikua bertaratu ziren, eta aurkitutako pertsona hila zela konfirmatu ostean, Bilboko Auzitegiko Patologia Zerbitzura eraman zuten gorpua, autopsia egiteko.

El Correo egunkariak publiko egindako informazioaren arabera, jatorri magrebtarreko 20 urteko migratzailea da zendutakoa, eta L.B.M. dira haren izenaren siglak. Adin txikikoa zela iritsi zen Euskal Herrira duela urte parea, eta Bizkaiko Foru Aldundiak Karrantzan duen tutoretzapeko zentroan egon zen.

Ertzaintzak ikerketa abiatu du jakiteko nola gertatu den heriotza. Hipotesi nagusia da gaztea lo egitera sartu zela kontainerrera, eta ez zela ohartu zabor-kamioiaren iritsieraz. Gorpua erraustegira zein kamioitan iritsi zen ikertzen ari dira, jakiteko non gertatu zen ezbeharra; Naiz-en arabera, Bilboko kontainer batean sartu zen gaztea.

Datu horretatik tiraka, AZET Bilboko Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak Bilboko Udala jo du erantzuletzat. Hala adierazi dute sare sozialetan: "Aurten, udalak areagotu egin du pobreen aurkako gerra, etxerik ez duten pertsonak jazarriz. Kasurik ezagunena Atxuriko kantxetakoa da: urtarrilean, fede txarrez, hesitu egin zituen, bertan lo egiten zuten gazteak aterpe barik utziz. Horrekin batera, etxerik gabeko pertsonak jazartzen hasi ziren, Bilboko Udaltzaingoa bidaliz kalean lo zeudenak esnatzera, horiek parke eta espazio publikoetatik kanporatzeko. Eta guzti hori segurtasunaren izenean. Gazte hau bere segurtasunaren izenean hil da!"