argia.eus
INPRIMATU
Gazte langileak biltzen hasi dira, prekarietateari aurre egiteko
  • Alternatibak sortzeko gazte mugimenduak martxan jarritako 'Eraikuntza lanetan gaude' prozesuaren baitan daude lanean. Ostiralean lanaren ildoko dinamikaren aurkezpenak egingo dituzte Bilbon eta Iruñean, eta mobilizatzera deitu dute apirilaren 30erako.

Topatu.eus @topatu_eus 2016ko apirilaren 05

Langile prekarioak, langabetuak, praktiketan ezeren truk lan egiten duten ikasleak, lan merkatuak mespretxatzen dituen emakumeak, behin betiko kontratua izan arren behin behineko egoeran bizi direnak... Euskal Herriko gazte langileak antolatzen hasi dira alternatibak eraikiz prekarietateari aurre egiteko. Gazteen arazoei gazte ikuspegitik eman nahi diete erantzuna, eta indarrak batu eta bide berriak hasteko beharra ikusten dute.

Dinamika ez dute ezerezetik sortu. Abenduan ekin zion gazte mugimenduak alternatibak sortzeko prozesuari Eraikuntza lanetan ari gara lelopean. Lehen asanblada orokorra Añorgako Firestone lantegi berreskuratuan egin zuten, eta bigarrena Usurbilen martxoaren 5ean. Gazte mugimenduko eremu desberdinetan jarduten duten ehunka gazte ari dira biltzen prozesuaren baitan, eta hamabi lan-ildotan banatuta ari dira bidea marrazten. Horietako bat da lanarena.

Gertutik jarraitzeko: Twiterreko @gaztelangileok erabiltzailea eta #a30mobilizatGU traola

APIRILAK 8: DINAMIKAREN AURKEZPENAK

Lanaren ildoan gorpuzten ari diren dinamika aurkeztuko dute ostiralean Iruñean eta Bilbon, 17:00etan eta 18:30ean hurrenez hurren. Borroka horretan interesa duen oro gonbidatu dute aurkezpenetara, zertan ari diren azalduko baitute.

APIRILAK 30: MOBILIZAZIO EGUNA

Maiatzaren 1eko borroka egunaren bueltan, gazte langileak mobilizatzera deitu dituzte auzo, herri, hiri zein eskualdeka. Aurrerako zabalduko dute informazio gehiago.