argia.eus
INPRIMATU
Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu dute Gasteizen
  • Aurkezpen ekitaldia Gasteizko Auzolana pilotalekuan egin zen igandean, otsailaren 17an, eta Gedar, langile kazeta webgunean azaltzen denez, "klase batasuna eta independentzia politikoaren aldeko aldarrikapenarekin aurkeztu dute sozialismoaren bidean ekarpena egiteko".

     

ARGIA @argia 2019ko otsailaren 18a
Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu dute Gasteizen. (Arg.: Gedar, langile kazeta webgunea) Gazte Koordinadora Sozialista aurkeztu dute Gasteizen. (Arg.: Gedar, langile kazeta webgunea)

Euskal Herritik etorritako gazte ugari gerturatu ziren ekitaldira erakunde berriari babesa emateko. Sarreran aipatu webgunean azaltzen denez, "gazteak batzen dituen hautua sozialismoaren defentsa da eta helburua dominazio burgesa eta zapalkuntza forma ezberdinak gainditzea".

Ondorengo lerroetan irakur liteke Gedar, langile kazeta-k nola jaso duen koordinadoraren aurkezpena:

"Gogoan izan dituzte sistema kapitalistak zapaldutakoak eta bereziki goraipatu zuzengabekeria horren aurrean altxatzen direnak. Hala, Euskal Herrian zehar sortzen ari diren adierazpen politiko sozialistekin itxaropentsu agertu dira. Zehazki, gaztetxeen borroka esperientzia eredugarriak, ikasleen borrokak, klase feminismoaren gorakada eta teoria iraultzailearen lanketa eta hedapena aipatu dituzte.

Gazte Koordinadora Sozialista esperientzia horietan guztietan hezitako eta hazitako militanteen emaitza dela azaldu dute, horiek denak indartzeko helburuarekin jaiotzen dena. Hartarako, aipatutako gaitasun eta espresioek aurkitzen dituzten mugak gainditzeko baldintzak jarri nahi dituzte.

Zailtasunez jakitun, helburuak erdiesteko ezinbestekoa ikusten dute klase batasunaren egikaritzea. Hori lortzeko langile klasearen independentzia politikoa bermatuko duten antolakunde politiko propioak beharrezkoa direla uste dute.

Gazte problematikaren auziari dagokionez, eta hau klase problematikari heldu gabe ebatzi ezin den auzia dela aitortuta, haren lanketa politikoa egitea eta kultura eta ildo sozialista garatzeko langile instituzioak sortzea jarri dituzte eginbehar nagusien artean. Baita aipatutako eginbeharrek langile klasearen defentsari eta langile boterearen ekoizpenari erantzuten diotela nabarmendu ere.

Bukatu aurretik, horri guztiari zehaztapena gehitu diote: beharrezkoa ikusi dute harreman eredu komunisten garapena, borroka komunitatearen indartzea, izaera kritikoa eta sakontasuna lantzea, proletargoaren defentsa eta babesa egitea, kultura sozialista berpiztea, instituzio proletarioak hedatzea, teoria iraultzailea lantzea, intsumisioa gauzatzea edota ospakizun eredu politiko berria sortzea, besteak beste.

Hala, borrokarako deia luzatu dute, egungo miseria kapitalistaren aurrean botere sozialista eratzearen beharrean berretsiz".

Agiri honetan azaltzen da koordinadoraren sorreraren zergatia. Beheko bideoan agerraldia osorik: