@ikerbest erabiltzaileak salatu du kasua Twitterren, eta Hala Bedik jaso du albistea. Fiskaltzak egunero 20€ ordaintzeko eskatzen dio 16 hilabetez.
2019ko urrian jaso zuen lehen aldiz @ikerbest erabiltzailearen atzean dagoen gazte gasteiztarrak epaitegiaren zitazioa. Fiskaltzak gorroto eta sentimendu erlijiosoaren aurkako delituak egotzi zizkion, eta horren aurrean, Arabako lurralde auzitegian deklaratzera deitu zuen.
Bi alditan deitu dute deklaratzera, eta bitan egin dio uko deklaratzeari. Orain ahozko epaiketari egin beharko dio aurre, eta oraindik datarik jakinarazi ez dioten arren, fiskaltzaren isun eskaria heldu zaio jada gazteari: 20€ko isuna eskatzen diote egunero 16 hilabetez.
Pasa den urrian Topatuk jaso bezala, Altsasuko gazte atxilotuak, Kataluniako 2017ko urriaren 1eko erreferenduma, “Alde Hemendik” Espainiako Estatuko polizi indarrak Euskal Herritik kanporatzea helburu duen plataforma, torturak eta polizia bortizkeria aipatzen zituzten hainbat txio daude salaketaren oinarrian, eta gazteak gogor salatu zuen bere aurka erabilitako Mozal Legea.