argia.eus
INPRIMATU
Gazte Euskaltzaleek agente aktibo izateko konpromisoa hartu dute
  • Ekainaren 12an agerraldia egin dute Gazte Euskaltzaleek Iruñean. Haien helburua jendaurrean azaldu dute: “Euskara biziberritzen, berpizten eta bizirik ikusiko duen belaunaldia izan nahi eta behar dugu”. Euskaldunek Euskal Herrian euskaraz ikasteko, lan egiteko eta bizitzeko eskubidea dutela aldarrikatu dute eta horrela ez izatea ez dutela onartuko adierazi dute.

ARGIA @argia 2021eko ekainaren 14a
Andrei Fuchs Gazte Euskaltzaleak mugimenduko kidea gogoeta irakurtzen. Argazkia: Gazte Euskaltzaleak.

Gazte Euskaltzaleetan euskararen inguruko hainbat taldetako kideak daude, hala nola, herrietako eta auzoetako euskara taldeetakoak, unibertsitateetako euskara taldeetakoak, gazte mugimenduetakoak eta norbanakoak. Gazte horietako batzuk dira Euskaraldiaren bezperatan, 2020ko hondarrean, Gaztealdia antolatu zutenak.

Euskaldun eta euskaltzaleon esku euskararen aldeko borroka indartzea dagoela dio mugimenduak. Euskalgintzak bizi duen inflexio puntua gainditzeko garaia dela azpimarratu dute eta ekiteko ordua dela: “Norabide berritua markatu eta erasoen aurrean zutituko den mugimendu euskaltzalea berraktibatu eta artikulatu beharra daukagu”. Euskararen aldeko herri mugimendua berrosatzea dagokiela adierazi dute. Bestalde, euskaldunentzako gune askeak eraikitzearen garrantzia azpimarratu dute: “Euskaraz bizi eta antolatuko diren gune sozial, politiko edota kulturalak biderkatzeko deia egiten dugu, bertatik ere ahaldundu eta boteretu gaitezen, eta bereziki, eragin dezagun”.

Euskarak bizi duen egoeraz kezkatuta agertu dira eta adierazi dute nola gaur egun inoiz baino jende gehiagok dakien edo ulertzen duen euskara eta nola erabilera atzera egiten ari den.

Hizkuntza politiketan ere jarri dute arreta. Euskal Herriko instituzio eta erakunde publiko nagusien utzikeria salatu dute: “Sabaia jo dute aspaldi diseinatutako politikek eta bide horretatik lurra jotzera garamatzate”.

Gazte Euskaltzaleak espazioak sortzen segiko duela esan du, ikastetxeetan, unibertsitateetan eta gaztetxeetan, besteak beste. Espazioak elkarlanerako, hausnarketarako eta jardun politikorako.

Ahotsa.info hedabideak agerraldia bideoan jaso du: