Aste osoko plana prestatu zuen Bilboko 7 Katu gaztetxeak urtarrilaren 27tik otsailaren 2ra, 13. urteurrena ospatzeko. Zenbaki madarikatua batzuentzat, itsusia beste batzuen iritzian, biribil-biribila ez behintzat, baina edozein gaztetxerentzat 13 urtera heltzea lorpen handia denez, gogoz ospatu zuten, aurreko urte guztietan egin duten legez.
Gazteek egina eta gazteengan pentsatua da, noski, gaztetxe bateko programazioa, baina 7 Katukoek auzoko eta Bilbo guztiko jendea erakarri nahi izan zuten urteurrenean, gazte zein heldu, eta, horrenbestez, larunbateko kontzertuetara inguratu ginen zenbait zaharruno, egitarauak bultzatuta: Amooma, Trikoma eta Suaia & Ama Rebel. Talde gazteak, oholtzara igotzeko gogotsu.
Gaztetxeko atearen parean, Solokoetxeko eskilaretan, ilara luzea aurkitu genuen, barruan ez baitzen inor gehiago kabitzen. “Urteurrena feminista izango da, edo ez da izango”, kanpoko pankarta handia irakurtzeko astia izan genuen. Gero eta jende gehiago sartu nahian, irteteko gogoz gutxi, baina bost minutuan barruan ginen hala ere. Ordurako, Amooma taldea indar betean ari zen errepertorioko onena ematen.
Zer: Amooma, Trikoma eta Suaia & Ama Rebelen kontzertua.
Non: Bilboko 7 Katu gaztetxean.
Noiz: Otsailaren 1ean.
Funk oinarriaren gainean, hitz aldarrikatzaileak elkarren atzetik josi zituzten Amoomako abeslariek, erritmo lasaiagoz batzuetan, rap errima biziz gehienetan. “Zorionak zuri” abesteko tartea ere hartu zuten. Aretoa gainezka, entzuleak musikariengandik zentimetro gutxitara (agertokia ez da batere altua 7 Katun), jendea gustura, gau handietan legez, batzuk telefonoetan kontzertua grabatzen.
Giroa baretu zen Amoomakoek amaitu zutenean, baina berehala piztu zen sua berriro, Trikoma oholtzan agertu eta berehala. Tronpeta hotsa, gazteak saltoka, eta heldu batzuk ere bai, gu ez baikinen hango zahar bakarrak, gutxiengo nabaria ginen arren. Gaua biribiltzeko, Suaia & Ama Rebel aritu ziren, jo eta ke. “Dantzatzen duen herria ez da inoiz hilko”, zioen gaztetxeko horma batek.
Gaualdi ederra izan zen, eta gazteak protagonista nagusi: Antolatzaileak, publikoa, musikariak, denak gazte-gazteak. Belaunaldi berriek ez dakitela lehengoek bezain ondo pasatzen? Mundu digitalean baino ez direla bizi? Haiekin mundua pikutara doala? Bai zera, 7 Katu da uste horien kontrako froga, gazte aktiboak daude han, bizi-biziak, gizartearekin eta kulturarekin konprometituak. Urtarrilaren 30eko grebagatik, urteurreneko ekitaldi batzuk bertan behera utzi zituzten, eta laster egingo dituzte, norbait gehiagorako gogoz geratu bada. Bestela ere, 7 Katu Bilboko Zazpi Kaleetako ardatz kulturaletako bat da, Lautan Hiru antzerki laburren zikloari, Gazte Sortzaileak dinamikari eta beste proposamen ugariri esker. Urte askotarako, 7 Katu!