argia.eus
INPRIMATU
Gazte Emantzipaziorako Sarea sortu dute Gasteizen, etxebizitza eskubidea defendatzeko
  • “Etxebizitza eskubidea ukatzen dieten pertsonei” zuzendutako taldea sortu dute Gasteizen. Etxebizitza eskubidea dela eta gazteei ukatzen zaiela salatu eta “okupazio bolada berri baterako” deia egin dute.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko maiatzaren 30a
Taldea aurkezteko agerraldia egin dute Alde Zaharrean.

Hainbat hirigintza gatazka izan dira azkenaldian Gasteizen. Udalak Errekaleor auzo autogestionatua eraisteko asmoa du, eta Alde Zaharreko Txikita kaleko 14. zenbakiko etxebizitza, Pintoreko 20. zenbakikoa eta Aiztogileko 92.ekoa okupatu zituzten gazteak epaituko dituzte uztailaren 3an. Horien ondorioz sortu dute Gazte Emantzipaziorako Sarea (GES).

Gasteizko hirigunea “erosahalmen handiena duten pertsonen esku” dagoela eta gazteak periferiara joatera kondenaturik daudela salatu dute: “Enpleguaren ezegonkortasuna eta prekarietatea, zabor kontratuak, lanaldi partzialak… Egoera horretan oso zaila egiten zaigu baldintza duinetan emantzipatzea”.

Etxebizitza eskuratzeko “modu ezberdinak” aldarrikatu dituzte, “kaleratze sistematikoak, auzokideen estortsioa eta espekulazio masiboa” oinarri duen eredutik alde egiteko. Okupazio mugimenduarekin bat egitera deitu dute gazteria. “Okupazioaren bidez berreskuratuko dugu gurea den eskubidea”, gaineratu dute.