Segi gazte antolakundeko kide izateagatik auzipetuak dauden 16 gazte donostiarretatik bat “edozein momentutan” atxilotu dezaketela azpimarratu dute prentsaurrekoan. Era berean, 2007tik bizi duten egoera salatu dute eta eskubide politiko eta zibilak defendatzeko eskatu diete herritarrei. Espainiako Auzitegi Nazionalean zigorraren aurkako helegitea jarri zuten orduan eta gaur epaiaren zain daude.
Gazte donostiar auzipetuak eta senideak izan ziren atzoko Donostiako prentsaurrekoan, Eleak mugimenduarekin batera. Segi gazte antolakundeko kide izateaz gain, “kale borrokagatik" kondenatu dute Ekaitz de Ibero lau urte eta erdira eta edozein momentutan atxilotu dezakete.
Segiko kide izatea egotzitako hogeita sei donostiar atxilotu zituzten 2007an eta haietatik hamaseiri seina urteko espetxe zigorra ezarri zieten. Hamaika kide inkomunikatuak izan zirela salatu dute, baita torturak jasan zituztela ere. De Ibero bost egun egon zen inkomunikatuta. “Torturapean edozer sinarazi zieten eta horretan baliaturik bi auzi jarri zituen Auzitegi Nazionalak”, adierazi dute prentsaurrekoan: "Espainiar justizia torturaz baliatu da beste behin euskal herritar bat espetxera kondenatzeko”.
Euskal Herrian antzeko kasuetan dauden gazteen egoerak ere gogorarazi dituzte. Burlatako hainbat gaztek otsailean dute epaiketa eta Oreretako beste bost espetxeratzearen “zain” daude. “Ehunka dira epaituak eta espetxeratuak izateko arriskuan bizi direnak”, salatu dute.
Datozen asteetan eragile desberdinekin bilduko dira Donostiako auzipetuak mobilizazioak deitu eta babesa bilatzeko: “Kalean egotea da Espainiako eta Frantziako estatuei presioa egiteko eta egoera hauekin guztiekin amaitzeko modu bakarra”.