argia.eus
INPRIMATU
Gazte bi epaitu dituzte Getxoko Txorimalo gaztetxearen okupazioaren harira
  • Udalerriko 29 eta 26 urteko gazte bi epaitu dituzte asteartean Getxoko epaitegietan, orain dela hamabost urte egun Txorimalo gaztetxea dagoen etxea okupatzea egotzita. Hori deitoratzeko, dozenaka lagun batu da epaitegien aurrean; Ertzaintzak polizia-dispositiboa jarri du inguruan.

Hiruka .eus Iker Rincon Moreno 2021eko maiatzaren 19a
Dozenaka lagun batu da epaitegien aurrean epaiketa deitoratzeko (Argazkia: Hiruka)

Sastraka, Burdinola, Maidagan, Kutxitril, Aixerrota, Mentxakabarri eta bidean gelditu ziren hamaika proiekturen bideari jarraituta, 2006ko apirilaren 10ean okupatu zuten Getxoko Txorimalo gaztetxea den eraikina. Bere momentuan, Algortako Gazte Asanbladak zabaldu zuenez, 40-50 gazte inguru batuta okupatu zuten Aixerrotako etxe hutsa. Azaldu zutenez, ordura arte, etxe horretan squater gisa egon zen bikote bat, eta haiek Algortako okupazioaren aldeko mugimenduagaz kontaktuan jarri ondoren, etxea hustuko zutela esan eta gazte asanbladak eraikina gaztetxe gisa erabiltzea erabaki zuen. Ordutik hamabost urte igaro dira, hamaika eraso –argi-mozketak, zaintza-kamerak–, eta hainbat identifikazio ere.

Okupazioa egin eta gutxira, 2007ko maiatzaren 7an, Txorimalo gaztetxeko kideak zirelakoan, Pinueta, Algorta eta Getxoko gazte banak deklaratu zuten Getxoko 5. Instrukzio Epaitegian ondasun higiezinen usurpazio delitu baten ustezko egile gisa. Orain, hamalau urte beranduago, duela gutxi eraikinaren inguruan identifikatutako gazte bi epaitu dituzte, akusazio berdina egotzita.