70 urteko apaizari urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, baita bost urteko debekua adin txikikoekin lan egiteko ere. Bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zuten ikertzaileek. Itaiak elkarretaratzea egin du Baionan, epaiketa hasi aurretik.
Urtebeteko espetxe zigorra jarri diote, astelehenean, Baionan epaitu duten apaizari, sexu abusuak egitea eta pederastia karguak leporatuta. Gainera, bost urteko debekua ezarri diote adin txikikoekin lan egiteko. Itaia emakume sozialisten antolakundeak elkarretaratzea egin du epaiketa hasi aurretik, epaitegi aurrean bertan.
Otsailean 20 urteko gazte batek salatu zuen apaiz batek sexu abusuak egin zizkiola, Baionako elizbarrutian. Marc Aillet gotzainak ikerketa abiatu eta fiskaltzaren esku utzi zuen kasua. Epailea fiskalaren eskaerarekin bat etorri da, eta ukituak egiteagatik zigortu du 70 urteko apaiza; dena den, ez du kartzelara joan beharko.
Apaizak erasoa ukatu bazuen ere, bere ordenagailuan pedofiliazko edukia aurkitu zioten ikertzaileek, eta Fiskaltzak sinesgarritasuna eman zion salaketari. Akusatuak adingabeen irudiak izatea bere zereginekin lotu du informazioa bilatzen ari zelakoan, EITB-k azaldu duenez.