argia.eus
INPRIMATU
Polizia muntaia batean oinarrituta oñatiar bati lau urteko espetxe zigorra eskatu diotela salatu dute
  • Parte Zaharra Aske! plataformak salatu du lau urteko espetxe zigor eskaera egin diotela gazte bati duela urtebete Donostiako Alde Zaharrean izandako istiluen testuinguruan. Polizia muntaia salatu dute, salatuz desordena publikoak eta autoritateari atentatua egotzita datozen hilabeteetan epaituko duten gazte honek ez zutela istiluetan parte hartu eta Boulevardean zegoela istiluei begira atxilotu zutenean. Astelehenean kontzentrazioa deitu dute bere sostenguz.

Lander Arbelaitz Mitxelena @larbelaitz 2022ko urtarrilaren 03a
Atxilotu zuten gaztea, ezkerrean, polizia lerroaren atzean, hauen jardunaz kexu ari zen.

2020ko abenduan eta 2021eko urtarrilean istiluak izan ziren hainbat asteburutan Ertzaintzaren eta gazteen artean. Orotara, hamasei lagun atxilotu eta beste asko kolpatu zituen Poliziak egun horietan, tartean, gazte bati masail hezurra hautsi zioten pilotakadaz. Atxilotuetako askok zigor handien arriskua duten epaiketei aurre egin beharrean aurkitzen dira.

Lau urteko espetxe zigorra eskatzen dioten gazte hori 2020ko abenduaren 14ean atxilotu zuten. Arratsalde hartan 400 gazte inguru bildu ziren Donostiako Alde Zaharrean Auzoak Defendatu! Errepresiorik EZ! lemapean. Hala, aurreko egunetako "jazarpen polizial onartezina" salatu zuten eta amaieran, istiluak izan ziren berriro.

ARGIAko kazetari honek ere ikusi zuenez, gaztea ez zen inolako liskarretan parte hartzen ari eta istiluak ziren Narrika kaletik kanpo zegoen, Bulebarrean. Ertzaintzari kexuka ari zen, "ezin duzue halakorik tiro egin" gisako esaldiak esanez, Parte Zaharrean Aske plataformak publiko egin duen bideoan ere ikus daitekeenez.

"Gertatzen ari zenari begira zegoela, inolako azalpen eta justifikaziorik gabe atxilotu zuen modu guztiz arbitrarioan. Muntai Polizial honen bitartez euskal gazteria beldurtu nahi dute, baina guk argi eta ozen diogu ez diogula errepresioari aurre egin eta elkartasuna antolatzeari utziko!", adierazi dute.

Horreagatik, espetxeratze arriskua salatu eta pertsona horren absoluzioa exijitzeko kontzentrazioa deitu dute urtarrilaren 3a, astelehena 19:00etan Donostiako Plaza Berrian. Gaztea oñatiarra izaki, Oñatitik ere deialdia egin dute bertara joateko: autoz 17:00etan gaztetxean, eta garraio publikoan joateko 16:40etan Korreosen.