argia.eus
INPRIMATU
Gazte bat jipoitu zuten udaltzainei delitu arina egotzi dietela salatu dute, eta delitu larria gazteari
  • Elkarretaratzea egin dute Gasteizen, Aimarren senide eta lagunek deituta. Justizia aldarrikatu dute, eta "udaltzainen inpunitatearekin" amaitzeko eskatu.

Irati Irazusta Jauregi 2023ko martxoaren 30
Dozenaka lagunek justizia eskatu dute, eta udaltzainen "inpunitatearekin amaitzeko" eskatu. (Argazkia: Alea)

Gasteizen bi udaltzainek jipoitu zuten gaztearen kasua salatzeko elkarretaratzea egin dute Andra Mari Zuriaren Plazan, asteazkenean. Aimarren senide eta lagunek egin dute deialdia. Gaztearentzat justizia aldarrikatu dute, eta udaltzainen "inpunitatearekin amaitzeko" eskatu. 

Irakurketan, Aimarren aitak azaldu du adingabeen fiskaltzak hiru delitu larri egotzi dizkiola semeari: bat "agintaritzari desobeditzeagatik", eta bi "ausarkeriaz gidatzeagatik". Udaltzainei, berriz, delitu arina baino ez diete egotzi. "Horrelako zerbait espero genuen, baina ez hain lotsa gutxirekin jardutea". Azaldu duenez, kasua familiaren abokatuaren eskuetan dago. Amak ere hartu du hitza, eta adierazi du borroka "luzea eta gogorra" izango den arren, "azken muttureraino" eramango dutela. Beharrezkoa bada, Europara ere eramateko prest agertu dira.

Justizia da nahi dutena. "Ez dugu uste udaltzain guztiek berdin jokatzen dutenik, baina gizon hauek ez dute lanean aritzea merezi". Agintariek horrelako gertakariak kontuan har ditzaten eskatu dute, berriz ere gerta ez daitezen. Bi udaltzainei beren semearenganako urruntze agindua jar diezaiotela eskatu dute.

Udalaren jarrera

Joan den astean Gasteizko Udaleko Marian Gutierrez PSE-EEko Segurtasuneko zinegotziak esan zuen Udaltzaingoaren zentralari agindu zietela gurasoei deitzeko, baina haiek adierazi zuten ez zutela halako deirik jaso. Gurasoek aretoa utzi zuten, salatuz zinegotzia gezurretan ari zela. Bestalde, kasua argitu bitartean akusatutako bi polizientzako errugabetasun presuntzioa eskatu zuen Gutierrezek. Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, berriz, adierazi zuen udalak "objektiboki" jokatu zuela kasuan.

Zinegotziaren jarrera salatu du Aimarren aitak irakurketan: "Batzordean esan zuen lekuko batek "borroka" aipatu zuela, baina beste bi lekukok adierazi zuten Aimar laguntza eskatzen ari zela eta poliziek jo egin zutela. Zergatik ez zuen aipatu azken hori?"