argia.eus
INPRIMATU
Tafalla eta inguruetan ibaiak gainezka egin ostean hildako gaztea atarrabiarra da
  • Igande eta asteleheneko euriteak direla eta, Zidakos eta Sansoain ibaiek gainezka egin dute, eta kalte material eta humano larriak eragin dituzte Tafalla eta inguruko herrietan. Berriak jakinarazi duenez, Ezporogi inguruan aurkitu den gorpua 25 urteko atarrabiatar batena da.

IƱaut Gonzalez de Matauko Rada @inautogdm 2019ko uztailaren 09a

Euri-jasa itzela izan da igande eta astelehenean Nafarroan, baina astelehen arratsaldean ordu gutxian metro koadroko 100 litro bota ditu. Zidakos eta Sansoain emari gutxiko ibaiak dira, baina euria gogotik bota ostean gainezka egin dute. Tafalla eta inguruko herrietako kaleak berehala bete ziren urez, eta autoak arrastaka ikus zitezkeen.

Ibaiak beren emari naturalera bueltatu dira, eta orain kalteak neurtzeko ordua da. Larriena, noski, Atarrabiako gaztearen heriotza. Gaztea autoan harrapatuta geratu zen. Larrialdietara deitu zuen, baina laguntza iristerako hilik zen.

Bestalde, ura kaleetatik joan ostean, eraikinetan eragin handia izan duela nabari da. Besteak beste, Tafallan Martin Espronceda kaleko eraikin bat hustutzeko agindua eman du udaletxeko arkitektoak, erortzeko arriskua dela eta. Oraindik iraulitako autoak daude kaleetan, eta urak eramandako etxeetako hainbat gauza ikus daitezke, etxetresnak batez ere.

Ibaiaren emari handia dela eta, Puiuko errepideko zubi bat suntsitu da. Mañoko errepidea ere guztiz hartu zuen urak.

Tafallako udalaren mezua

Tafallako udalak prentsa ohar baten bidez adierazi duenez, astearteko 07:30etan koordinazio bilera bat egin dute hiritar-babeserako erakunde ezberdinen artean. Udalak Tafalla herri solidarioa dela azpimarratu du, eta arazoak auzolanez konpontzen saiatuko direla esan. Halaber, kaltetuak hartatzeko Udaletxeko bulego nagusia irekita egongo da egun osoan zehar, eta haur eskola itxita egongo da. Uholdeak eragindako kalteen munta kontuan hartuta, inguruak "hondamendi eremu" izendatzea ere eskatu du Udalak.

Tafallako Udaletxean izan da Uxue Barkos Nafarroako jarduneko presidentea ere, kaltetutako udalerrietako alkateekin. Jakitera eman duenez, Nafarroako Gobernuak diru laguntzak lortzeko tramiteekin laguntza eskainiko die kalteak jasan dituzten udalerriei.