argia.eus
INPRIMATU
Gazte bat hil da Zaballako espetxean
ARGIA @argia 2019ko urtarrilaren 28a

Urtarrilaren 17an aurkitu zuten gaztearen hilotza honen adiskideek, goizaldeko 03:00ak bueltan. Autopsiaren arabera, heroina gaindosiagatik hil zen gaztea. Salhaketak informazio gehiago biltzeko asmoa agertu du, eta jakinarazi gisa honetako heriotzak ez direla “heriotza naturalak”.

Elkartearen datuen arabera, 2011tik hona Zaballako kartzelan jasotako lehen heriotza da honakoa. Hala ere, isilarazitako heriotzak direla azpimarratu dute, eta antzerako kasu gehiago badirela salatu: “isilarazitako heriotzak dira, badakigu gehiago badaudela”.

Hala Bedik gogorarazi duenez, orain gutxi arte espetxeek teletipo bidez heriotzen berri emateko derrigortasuna zeukaten. Salhaketak aditzera eman duenez, aldiz, espetxeak ez du informaziorik zabaldu. Elkarteak susmagarritzat jo du zenbait hedabidek honen inguruan hitz egin ez izana.

Neurri juridiko eta administratiboak hartzeko aukera baloratuko dutela jakinarazi dute Salhaketako kideek, eta Espainiako Estatuari izatez zenbat heriotza eman diren galdetuko diotela aurreratu. Momentuz, kasua ikertzeko neurriak eskatu dizkiote Fiskaltzari.

Hildako gaztearen familiari aholkularitza eskainiko diotela ere adierazi dute. “Familiak gaizki informatuta eta babesgabe daude”, azaldu dute.