argia.eus
INPRIMATU
Gazte bat hil da Jaka Horien protestetan
  • Avignonen (Frantzia) gertatu da ezbeharra, A7 autobideko irteera baten inguruetan. AFP berri agentziaren arabera, Jaka Horien protestak hasi zirenetik seigarren hildakoa da.

ARGIA @argia 2018ko abenduaren 13a

AFP agentziak jakitera eman duenez, kamioi batek zapalduta hil da 23 urteko gaztea, asteazken gauerdian. Kamioi gidaria atxilotu egin dute, eta gertakarien gaineko ikerketa abiatu dute.

Berri agentziaren arabera, Jaka Horien protestak hasi zirenetik seigarren hildakoa da Avignonekoa. Zehaztu dutenez, lehen heriotza azaroaren 17an jazo zen, protesten lehen larunbatean, Pont-de-Beauvoisinen auto batek manifestari bat zapaldu zuenean. Bi eguneko tartearekin motor gidari bat hil zen furgoneta batek zapalduta. Abenduaren 2an ostera, gidari batek galdu zuen bizia kamioi baten kontra izandako istripuan, Arlesen. Egun batzuetara, 80 urteko emakume bat zendu zen Marseillan, granada negar-eragile batekin zauritua izan ostean. Abenduaren 10ean aldiz, hogei urteko emakume bat hil zen auto istripuan, kamioi baten kontra jota.

Heriotza hauez gain, pasa den larunbatean Bordelen izandako Jaka Horien protestetan eskua galdu zuen Baionako gazte batek, Poliziak jaurtitako granada bat eskuetan lehertu ostean.