Sexu heziketa kurtso bat jasoko dute 2018an gazte bat bortxatu zuten Andaluziako bi udaltzainek. Fiskaltza eta akusazio partikularraren arteko hitzarmenak bortxatzaileek bi urteko kartzela zigorra saihestea ekarri du. Epaileen boto partikularrak jaso du gertakariek erakusten dutela "egileek arrisku kriminal nabarmena daukatela".
Malgako Esteponako (Andaluzia) bi poliziek 18 urteko gazte bat bortxatu zuten 2018an. Bi urteko kartzela zigorra jaso arren, ez dira kartzelan sartuko fiskaltza eta akusazio partikularrak egindako akordioaren arabera. Sexu heziketa kurtso bat jasoko dute bi gizonek eta biktimari 80.000 euroko kalte-ordaina emango diote.
Bortxaketa 2018ko ekainaren 9an izan zen, gaztea diskoteka batean lagunekin egon ondoren Poliziaren kontrol batek geldiarazi zuen haren lagun batek gidatzen zuen autoa. Bertan zeuden bi udaltzainak lanean. Autoko lagun guztiek edan zutela egiaztatu ondoren, poliziek taxia eskatzeko agindu eta haien telefono zenbakia emateko behin eta berriz esan zien lagun taldeari. Azkenean telefono zenbaki bat eman zieten, autoa poliziek gerturatuko zutela-eta.
Públicok informatu duenez, salaketa jarri duenaren arabera, hiru lagunak haren eraikinera iritsi eta denbora gutxira bertaratu ziren bi poliziak. Hizketan egon ondoren, etxera igotzeko proposamena egin zieten gazteei. Bi gizonak poliziak zirenez, onartu egin zuten proposamena. Fiskalaren arabera, behin etxera igota polizia horietako batek esan zuen: “Tira, nola hasten da orgia?”. Neskak uko bazion ere, bi poliziek bortxatu egin zuten. Horren eraginez, biktimak tratamendu mediko farmakologikoa eta psikoterapeutikoa jaso behar izan du.
Epaiketarik ez
Aurreko apirilaren 22an bista bat egin zen. Bertan Fiskaltzak, akusazio partikularrak eta bi akusatuen defentsak idatzi bateratua aurkeztu zuten. Idatzian gainera erabaki zen poliziei ondorengo zigorrak ezartzea: enplegu edo kargu publikorako gaitasungabetzea eta 10 urtez neskarekin komunikatzeko debekua.
Fiskaltzak hasieran 30 urteko kartzela zigorra eskatu zuen eta sexu-erasoa izan zela esan zuen. Baina akordioaren ostean, epaiketarik ez egitea erabaki zen, ez zutelako beharrezko ikusi.
Epaileek argudiatu dute bortxatzaileek biktimari jada kalte-ordaina eman diotela eta berriro ere bortxatzeko “aukera txikia” dagoela gaineratu dute. Baina Malagako Probintzia Auzitegiko Zortzigarren Sekzioko presidenteak, boto partikular batean, ikuspegi hori errefusatu eta azpimarratu du “egileengan arrisku kriminal nabarmena” ikusten dela egiteetan eta bere ustez “oso planifikatutako ekintza” izan zela.