argia.eus
INPRIMATU
Gazte bat borraz bortxatu zuen polizia ezaguna zen gehiegikeria gehiago egiteagatik
  • Frantzian Theo L. gaztea borraz bortxatu zuen polizietako batek jipoitu egin zuela salatu du auzo bereko beste gazte beltz batek. Frantziako Barne Ministroak ikerketa bat abiatu du Polizia Nazionalaren inguruan. Nouvel Observateur astekariak zabaldu du berria.

Ane Eslava Serrano @eslavaane 2017ko otsailaren 15
Poliziaren kontrol bat Frantzian

Theo L.-ren kasua zabaldu baino aste bat lehenago polizia talde batek jipoitu zuela kontatu du Mohamed K. izeneko gazte batek. Erasotzaileen artean bere laguna borraz bortxatu zuen polizia zegoela ziurtatu du. Auzoan bere gehiegikeriengatik ezaguna dela eta Barbe Rousse (Bizargorri) deitzen dutela kontatu du.

Azpiko bideoa irekitzen duen irudian ikus daiteke Mohamed K poliziak eraso egin aurretik ezkerrean, eta ondoren eskuinean.

Aurrekoan bezala, gertaera Aulan-sous-Boys auzoan jazo zen, kontrol baten bitartean. “Poliziek ostikoak eta ukabilkadak eman zizkidaten aurpegian, sabelean eta bizkarrean, odoletan utzi arte. ‘Beltz zikina’ eta ‘txerria’ esan zidaten eta listua bota zidaten”, kontatu dio astekari frantsesari. Antza denez, ospitalera eraman zuten, baina gainetik sendatu ondoren, polizia-etxera eraman zuten berriro ere. “Hurrengo egunean, esnatzerakoan, begiak puztuta nituen eta ezin nuen ikusi”, gaineratu du. Frantziako Barne Ministroak ikerketa bat abiatu du. “Funtzionario baten aurkako akusazio larriak dira, beraz, argitu behar ditugu”, adierazi du.

Aurreko kasuak Frantziako kaleetan piztutako iskanbilak oraindik ez dira baretu. Aulan-sous-Boys auzoan gertatutakoa zabaldu zenetik Paris inguratzen duen Ile-de-Franceko hirietan manifestazioak egin dituzte eta poliziak hainbat gazte atxilotu ditu.