Hala salatu dute twitter bidez Burlatako hainbat eragilek. Burlatako greba komiteak deituta asanblada informatiboa egingo dute arratsaldean.
Sare sozialen bidez Burlatako hainbat eragilek salatu dutenaren arabera gaur goizean gertatu da atxiloketa. Ahotsa.inforen arabera Espainiako Poliziak eraman du gaztea atxilo, urtarrilaren 30ean Hego Euskal Herria gelditu zuen greba orokorreko piketeetan parte hartzeagatik.
Gaztearen egoeraren berri emateko asanblada informatiboa deitu du Burlatako greba komiteak gaur arratsaldeko 19:30tan Askas plazan, eta grebaren ondorioz jasandako errepresioa salatuko dute.
Burlatako gazte hau ez da greba orokor honek utzi duen atxilotu bakarra. 19 izan ziren guztira urtarrilaren 30ean atxilotuak, tartean iruñerriko 9 gazte, La Morea merkatal guneko geldialdi saiakeran Espainiako Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotuak. 9 hauek aske utzi zituzten hurrengo egunean, eta beste gazte bat atxilotu zuten 9ak askatzeko unean.