Hector Barandika gaztea atxilotu dute astelehenean epaiketa politikoak salatzeko eta eskubide sozial eta politikoen aldeko protesta bat egiten ari zenean. Barandika asteartean epailearen aurretik igarotzea espero dute bere ingurukoek.
Atxiloketa salatzeko, Antsoaingo Lapurbide plazan batzarra eginen dute maiatzaren 12 honetan, 19.30ean.
Iruñerriko 10 gazteen aurkako epaiketak aurrera darrai
Asteartean amaituko da Espainiako Auzitegi Nazionalean Iruñerriko hamar gazteren aurkako epaiketa; Segiko kide izatea egotzita epaitzen ari da astelehenetik.
Iturramako Mikel Marin, Iker Aristu, Diego Octavio, Iker Araguas eta Ibai Azkona, Arrosadiako Oihan Ataun, Mikel Beunza eta Iñaki Marin, Donibaneko Gorka Sueskun eta Barañaingo Mikel Flamarikeren aurkako espetxe zigor eskaera hamar urtetik sei urtera jaitsi du fiskaltzak.
Auzipetuen aurkako froga nagusienak inkomunikazio garaian egindako deklarazioak dira.
Zigor eskaera gutxitzeari dagokionez, zera adierazi du fiskalburuak: “Eskatu dezakedan kondena baxuena eskatu dut”. Horrekin batera, onartu du aurrez aipatu izan dituen ekintzak ezin direla “kale borroka” bezala hartu. Auzipetuen aurkako froga sendoenak inkomunikazio garaiko deklarazioak direla ere ametitu du. Gazteak torturatuak izan zirela, ordea, ez du onartu fiskaltzak.
Giza Eskubideen Estrasburgoko Epaitegiak Espainiako Estatua zigortu zuen Oihan Ataunen tortura kasua ez ikertzeagatik. Gazteen aurkako froga nagusiak tratu txarren ondorioz lortutakoak izanik, zigor eskaerak baliogabetzeko eskatu du defentsako abokatuak.
Gasteizera joateko deia
Aste honetan bertan beste 28 gazteren aurkako sententzia publiko egin dute. Aurretik Xabat Moran, Marina Sagastizabal, Ainhoa Villaverde eta Bergoi Madernaz gazteak atxilotu zituzten. Ibon Esteban iruindarra eta Aiala Zaldibar eta Igarki Robles gasteiztarrak ezkutatuta daude.
Igandean Gasteizera joateko deia zabaldu zuen Zaldibarrek atzo bideo baten bitartez. Gasteizko Herri Harresiak hurrengo egunetarako hainbat ekimen eginen dituela aurreratu dute.