argia.eus
INPRIMATU
Gazte bahituak (IV)

Josu Iraeta 2021eko abuztuaren 10

Ferrol del Caudillotik Vigorako jauziak beste aldaketa bat eragin zion Makalari: E.T.E.An, Armadako Transmisio eta Argindar Eskolan sartu izana. Zeregina ezberdina zen han, lan intelektuala eskatzen baitzuen. Alabaina, hasiera penagarria eta umiliagarria izan zen. Ikasleei ezin zieten lan mekanikorik eginarazi, baina ikastaroa egun batzuk geroago hasiko zen aitzakia erabilita, kaiko zabalgunean galtzada-harrien artean hazten ziren belarrak kentzeko agindu zieten, eskuz jakina. Hainbat egun eman zituzten horretan, ordu asko, eta udako beroa jasan behar izan zuten.

Vigo Ferrol baino hiri handiagoa eta biziagoa zen. Ez zegoen marinelez beteta, asko zeuden arren. Gainera, Makala zorionekoa zen, udan iritsi baitzen, hau da, jaien garaian.

"Vigo Ferrol baino hiri handiagoa eta biziagoa zen. Ez zegoen marinelez beteta, asko zeuden arren. Gainera, Makala zorionekoa zen, udan iritsi baitzen"

Uda hartan jaietan bisitatu zituzten herrien artean beharbada, Sardinaren Jaian pasatu zuten ongien. Vigoko osasun egoitza nagusia den Piruli-aren ondoko zuhaiztian.

Hainbat arrazoik eragin zuten jai hori izatea gustukoena: giro on eta maitekorrak, musikak, behin eta berriz sardinak jateko gonbita egite zieten antolatzaileak, ogiak eta ardoak.

Zein ongi pasatu zuten eta zeinen ongi askaldu. Ez Makalak, ez bere lagunak ez zuten aurretik inoiz topatu halakorik. Dena ona zen, eta gainera doan. Gogoangarria.

Eskolako arauek zailtasun batzuk sortzen zituzten. Hasieran ez zen batere saiatu telegrafista izaten, –bost hilabeteko ikastaroa– baina asteroko azterketa gainditu ezean ezingo zuela eskolatik atera konturatu zenean, iritzia aldatu zuen.

Han dena zen berria, aldatu ez zen bakarra arrantxoa izan zen. Jangarritzat zuen guztia jatearen aldekoa zen Makala, eta, beharrezkoa bazen, baita sosa batzuk ordaintzearen aldekoa ere Maiordomo-ren kantinan; arroz, arrautza eta saltxitxa plater batekin osatzen zuen arrantxoa.

Alde horretatik zorte handia zuen, amatxo ongi portatzen baitzen. Bi astetik behin janaria bidaltzen zion, beste astean dirua.