argia.eus
INPRIMATU
Gazte bahituak 2

Josu Iraeta 2021eko maiatzaren 17a

Elizari bizkar

Gure protagonista fedean hazia zen eta bere parrokiako elizkizunetara joan ohi zen. Bertako abesbatzan, lehen soprano eta gero tenore “solista” kantorea da. Kuartelean, aldiz, berehala konturatu zen guztiak ez zirela berdinak. Uniformearekin gisa berekoak ziruditen, baina ez zen horrela.

"Kuarteleko janaria erabat nazkagarria zen, eta ez bakarrik garbitasunari dagokionez"

Brigadako komandantea zen Marinelaren gida-ri buruzko ezagutza neurtzen zuena. Galiziarrei edota abizen espainiarra zutenei galdera pare bat edo hiru egiten zizkien bakarrik; oinarrizko galderak. Baina abizen euskaldun bat irakurtzeko arazoak bazituen, gauzak asko aldatzen ziren. Hain zen zaila gainditzea, ezen askok etsi zuten, hainbat saiakera egin ondoren.

Eta azterketa psikoteknikoez arduratzen zen apaiza hura. Saminduta sentitu zen, ikasketa maila handiena zutenek beren burua analfabeto aldarrikatu zutela ikusita. Inozotzat jotzen zutela pentsatzeaz gain, onartezina iruditu zitzaion haien elkarlanerako borondate eza.

Sukalde zakarra

Kuarteleko janaria erabat nazkagarria zen, eta ez bakarrik garbitasunari dagokionez. Estalkirik gabeko gabeta –baldea– eraman behar izaten zen sukaldetik, kuartel erdia zeharkatuz. Baina okerrena edukia zen. Menuan oinarrizko bi plater zeuden: xurel-eltzekeria –txitxarroa–, saltsa gorri batean egositako arrain puskekin, eta patata tortilla. Lukainka-sokarekin egiten zuten saltsa hura; soka barne. Lukainka, ebaki ondoren lehertu egiten zen eta barruko eduki zuria agerian uzten zuen.

Tortilla anoak hiruki handi mardulak ziren. Ez zuten itxura txarrik, baina bai oso ez-ohizko ezaugarri bat: angeluetako batetik hartzen bazenituen hatz erakusle eta lodiarekin, zurruntasunari eusten zioten, hau da; ez ziren ez hausten, ezta tolesten ere.

Alternatiba Marinelaren Etxea zen. Afaria bukatu ondoren irekitzen zuten taberna handi hura, baimena jaso ondoren.

Zaila zen tokia aurkitzea eta ez zuen denbora gehiegirik ematen. Hala eta guztiz ere, paneka bat –frijituta ordez, erabat erreta zen– , ardo gorri baso handi bat eta esne beroa izaten zen afaria.

Horrekin lo egin zezakeen kuarteletik irtetea galarazten zioten bitartean.

Egun batzuk pasa zirenean, kuarteletik irtetea lortu zuten. Ferrol del Caudillo marinelez jositako hiria izan arren, gure protagonista arrotz sentitzen zen kaleko jantzitako jendearen artean.

Kantabriar eta euskal herritarren artean kuadrilla bat osatu zuten laster. Oinez ibiltzen ziren, txoko guztiak ezagutu nahian, Escardilla barne. Mendixka formako auzoa zen, eta prostitutak izaten ziren han, marinelen zain.