argia.eus
INPRIMATU
Gazte Asteburua antolatu dute Uliako parkean, “beste Donostia bat eraikitzeko”
  • Hiriko gazteen arazoak landuko dituzte, Euskal Herrian “Eraikuntza lanetan ari gara” ekimenak egindako bideari jarraipena emanda.

Jon Ander De la Hoz Arregi @delarregi 2016ko irailaren 21

“Turismoa eta espekulazioaren neurrira moldatutako hirian” gazteek lekurik ez dutela iritzita, hiria eurena ere badela aldarrikatu nahi dute Uliako Parkeko Gazteek eta “Eraikuntza lanetan ari gara” ekimenekoek. Horretarako, Gazte Asteburua antolatu dute irailaren 23 eta 24rako. Bakoitzaren kezkak plazaratuko dituzte Ulian, horiei erantzunez martxan jar ditzaketen proiektuez hitz egiteko.

Donostiako hiritarrei eragiten dieten sei gai jorratuko dituzte: feminismoa, euskara, enplegua, turismoa, elikadura burujabetza eta etxebizita. Donostiako auzo, herri mugimendu eta hiritarren borondatezko lana oinarri hartuta euren kabuz antolatzeko beharra azpimarratu dute, “gune autogestionatuak desalojatzen, obra faraonikoak eta multinazionalen eraikinak egiten eta etxegabetzeak baimentzen dituen hiri ereduaren aurrean”.

Jai giroko aldarrikapena

“Giro onean, ongi pasatzeko tarteekin” igaroko dute asteburua, eta horretarako, egitarau zabala iragarri dute: baratzegintza tailerrak, dokumentalen emanaldiak, otorduak eta kontzertuak antolatuko dituzte. Ekitaldien artean, aurrez aipatutako gaien inguruko mahai inguruak egingo dituzte.

Antolatzaileek “Uliako Mintegien toki eder eta sinbolikora” kanping dendak eramateko deia egin dute, udalak bertan etxebizitzak eraikitzeko asmoa duela salatzeko: “Donostiako Udalak eremua suntsitu nahi du, 70 etxebizitza eraikitzeko. Etxebizitza gehiago nahi ez ditugula aldarrikatuko dugu, milatik gora etxe huts baitaude hirian”.