Gaztaina-mozte eguna egiten dute Bakaikun. Izugarrizko jakintza izan da gaztainondoari lotutakoa, baina toki askotan ia erabat galdua da. Sakana alde horretan ari dira kultura horri eusten eta jaso eta zabaldu nahian. Baita beste toki askotan ere: Arantzan bertako barietateei eusteko lanean ari dira, Apanizen Gaztainaren Jaia egiten dute bertako Izkiko Parke Naturalean duten ondare horri eusteko eta erakusteko.
Irrikitan ginen eta etorri dira gaztainak lurrera. Irrikatu dira morkotsak eta barruko ale distiratsuak doi-doi erakusten ditu. Haien mutturra ikusi orduko gure ahoa ere irrikatu da.
Gaztaina bere jantzi dotorearekin azaltzen da beti: morkotsa, ahotza, lopetza, kormutsa, sokala, lakatza, koskila, mukutza, lokotxa, arbotsa, karloa, mardotsa, koxkola, garbotsa, mutxurra, oskola, arrotxa, atsoa, burutxa, sokorra, lakatza, kuxkuka, kroskoa, kirikioa, mokorra edo morkola. Katakoskola barruan hiru gaztain ale baino gehiago baditu. Beste hainbeste izen izango du, seguru. Jantzia dotorea da baina latza, arantzatsua. Esaerak hala dio: "Aita latz, ama beltz, larrua gorri, umea txuri: gaztaina". Beraz guretzako gaztain kolorea beltza da. Belztasun hori aipatzen du baita ere, Donamariako Sorameneko Sabina Carmen Sagardia Erneta bere amatxi zenarengandik ikasi eta Irungo Eztebe Gonzalez Larratxek sareetan erakutsi digun beste esaera batek: "Gaztaina handia, morkotsa latza, pikorra beltza. Aita handia, ama latza, semea beltza". "Egur bereko ezpala" esan nahi omen du.
Pertika edo hagarekin jo eta hagatzen da gaztainondoa (Castanea sativa) gaztainak lurreratzeko. Moiltze horri "gaztaina moztu" esaten zaio, eta "gaztaina mozte" eta "gaztaina mozketa". Moiltzea edo eraistea edo inaustea edo inarrostea edo...
Gaztaina-mozte eguna egiten dute Bakaikun. Izugarrizko jakintza izan da gaztainondoari lotutakoa, baina toki askotan ia erabat galdua da. Sakana alde horretan ari dira kultura horri eusten eta jaso eta zabaldu nahian. Baita beste toki askotan ere: Arantzan bertako barietateei eusteko lanean ari dira, Apanizen Gaztainaren Jaia egiten dute bertako Izkiko Parke Naturalean duten ondare horri eusteko eta erakusteko. Adibidez, gaztain barietateen izenak: Latxa, Trumoi-intxaur, Abadinau, Kerremeatz, Atalo, Aita handi, Amabirjina, Andramari, Mentugorri, Antzuela, Legerio, Legerio beranduko, Berdina, Jolepetxa, Goiz gaztaina, Arrate, Sanagustin, Betulaza, Horitxo latxa, Txerka zuria, Txargoi, Orribeltz, Hostobeltz, Iruria, Iduria, Iñarmentua, Aritzaua, Bettargia, Gozoa, Morkolarz, Morkotea latza, Meauregorria, Otañu, Argiñorda txertua, Lesakarra, Danbolatsa, Muizuar, Lopetxa, Larramua, Eradegea, Lete, Marki, Frantzia gaztaina, Elorri gaztaina, Kirrimahatsa, Berdea, Txakarro, Sanmartin, Roketarra, Kirimetz, Mantulu, Lopetxa txikia, Berdola, Anbultsa, Ezlebera, Ibalamendu, Landar, Inurri handia, Inurri zuria, Inurri beltza, Ederra, Hobea, Herria, Garrangira, Belemendu, Saboia, Migelara, Mentumotz, Mendolatz, Zazpiekoa, Arbera, Metura, Ibar beltz, Atso-gaztaina, Tipia, Iguridi, Amalatz, Marki, Ulezuri, Ulebera, Basaka, Mentuxe, Ahuntz-gaztaina, Bentugorri, Berandu-markol, Saldaimentu, Probentzi, Txapardo, Iruerreketa, Birregi, Garrangira, Markola, Arbera, Ilaundi, Tartalo, Txirikorda, Landa-gaztaina, Porkaletxa, Zakarro, Iparra, Beranga, Irarmentu, Kirimeatz, Txertogorria, Ularaba, Otzorpo, Atso-mokor, Atso-morkots, Mentutxe, Usta, Guarramatza, Sanmigel, Mentularria, Azkoiti gaztaina, Azpeiti gaztaina, Atso-markots, Hirunakakoa, Legerioa, Bakarra, Irunako, Itsu-gaztaina, Zubiaga, Txerri-gaztaina, Bizkai-gaztaina, Bizkai-zuriegi, Zuatzola, Mentumotza, Enpeltuko gaztaina, Sarobe...
Bateren bat ezagutzen al duzu? Seguru besteren bat ere baietz, ezta? Horra gaztainaren gure kultura izugarria.
Gaztaina-zigorrarekin arbola jo eta gaztainak jaistean, matxarda edo matxarra edo matxola edo martxakularekin bildu, hespilean jaso, morkots eta guzti, neguan ahalik eta luzeen iraun dezaten. Gero morkotsak berez arrakalatu, aginzabaldu, azarrakatu edo alegorritu ez badira geuk aletu behar. Aletu edo gurbildu, irakurri, mihaurtu, kurkuldu, kozkildu, urbeldu, jalkitu, urgaldu, bikortu edo garandu. Marpildu, mazpildu, altsitu, salmiztu, sakailatu, ximenkatu, baldiztu, hozkaildu, matxikatu edo koskatu eta erreta edo egosita jateko. Edota garai batean bezala, jo eta irintzeko. Lan horien guztien bitartean makina bat kultura jango dugu. Izan ere, gaztainaren kultura ez da morkots ilupa.