argia.eus
INPRIMATU
Euskal Gaztain Etxea
Gaztainari bizi berri bat emateko lanean
  • Azken sei urteak gaztainaren munduan erabat murgilduta daramatza Beñat Itoiz lapurtarrak. Lurrera bueltatzea eta proiektu bat martxan jartzea zituen helburu; laborantza eredu mekanizatu eta industrialetik urrun. Gaztainari lotutako egitasmoa abiatzea bururatu zitzaion orduan, bazterrean utzita zeuden lurrak eta jarduera bera biziberritzeko asmoz: “Historian hemengo jendea nola eta zerekin bizi izan den eta bizitzeko eta ekoizteko modu horiek gure munduan berriz nola sartzen ahal diren aztertu nuen”, dio. Fruitu horretatik abiatutako produktu mordoxka sortu ditu urteotan, eta konbentzituta dago gaztaina baserriko ekonomiari begirako aukera ederra izan daitekeela.

Garazi Zabaleta 2021eko urriaren 14a

Irina, hummusa, gailetak, garagardoa, pasta, txokolatea, ozpina, eztia, gaztaina konfitatuak, odolkia gaztainarekin, piperrada… produktu horiek eta askoz gehiago egiten dituzte Makeako Euskal Gaztain Etxean. Itoizek jakin bazekien ezinezkoa izanen zela gaztainak bizpahiru hilabetetan bakarrik salduta urte osoan horretatik bizitzea. Horregatik ekin zion produktuaren merkatuaren inguruko ikerketari, eta hasieran zalantzak izan arren, segituan ikusi zuen baietz, gaztain aski badela Ipar Euskal Herrian, eta eraldatzeko aski onak direla gainera.

Lurraren faltan, hurbileko etxaldeei erosten dizkie gaztainak Itoizek. “Iparraldeko etxaldeetan erositako 15 tona sartzen dira hona urtero, eta horiek eraldatzeko gunea eta saltokia ditugu bertan”. Gaztainak idortzeko tresneria eta harrizko eihera dituzte, besteak beste, eta haiek transformatzen dute kasik produktu guztia. Sagardoa, txokolatea eta besteren bat, dena den, kanpoan egiten dituzte. “Gaztainaren merkatua zabalduz eta ekonomikoki sare bat sortuz, ingurumena zaintzea ere bada helburua”, adierazi du. Izan ere, gaztainen inguruan merkatua sortzeak landare horiek zaintzera, mantentzera eta birsortzera ere bultzatzen ditu.

Gaztainondoa Gernikako arbolaren pare

“Zergatk hartu ote dugu Euskal Herrian Gernikako arbola sinbolo gisa, gaztainondo bat beharrean?”, galdetu du umorez Itoizek. Izan ere, milaka urtetan jendea gaztainaz elikatu da eta horren zura erabili izan du gurean. Historia hori guztia bildu nahi izan dute gunean argazki eta azalpenen bidez. “Gauza gehiagoren artean, Iparraldeko mapa bat ere badugu, 1860ko tintaren eritasunaren aurretik herriz herri zenbat gaztainondo hektarea zegoen eta horri lotutako ekonomia zein zen azaltzen duena”.

Kuriosoa da gaur egun Europan eta gurean kontsumitzen den gaztainaren gehiengoa kanpotik ekarritakoa izatea. Frantziako Estatuan, %80 inguru kanpotik ekarria dela dio Itoizek, Turkiatik eta Txinatik bereziki. Horri buelta emateko asmoz abiatu zuen proiektua, eta produktu eskaintzaz gain, orain hainbat sukaldarirekin lanean ari da gaztainarekin egindako plater berriak proposatzeko: marmitakoak, risottoak, pastak… “Egiazko ekonomia bat sortzeko aukera dago, eta ez atxikitzea soilik gaztainaren oroitzapen doi-doia bizirik. Behar dira arbolak salbatu eta ekonomia berriz abiarazi”, amaitu du.