Nafarroako beste zenbait herritan bezala, duela lauzpabost urte hasi ziren Basaburuan gaztainondoen inguruko lanketarekin. “Bertako gaztain barietateei lotutako ikerketa abiatu zuen Nafarroako Gobernuak, eta orduan hasi zen hemengo herrietan ere gaztainaren historia berpizten”, azaldu du Xabier Azpiroz Latasa Basaburuko Garapen Batzordeko kideak eta Gaztaina Feriaren antolatzaileak. Gaztainari lotutako asteburua egin dute azaroaren 2an eta 3an.
Eskualdeko adineko jendearekin elkarrizketak egin zituzten hasteko, gaztainondo barietateez eta horien kokalekuez galdetzeko. “Nahiko berandu iritsi gara, gaztainadiekiko jakinduria kasik galduta zegoen ordurako”, dio basozainak. Hala ere, zenbait arbola identifikatu eta horien laginak analizatzera bidali dituzte urteotan. “500 laginetik gora analizatu dira eta horietatik hemezortzi gaztain barietate atera dira, guztiak Nafarroakoak, beste inon oraindik azaldu ez direnak”, gehitu du. Basaburuan bost barietate topatu dituzte.
Bertako gaztain barietateak biltzeko lanari ekin ziotenean, segituan sumatu zuten gaiak herritarren interesa piztu zuela. “Jende asko mugitzen hasi zen, gaztainadiak berreskuratu nahian, horiek mantentzeko kezkarekin”. Cederna Garalur landa garapeneko elkartearekin, INTIA elkarte publikoarekin eta Plazaola Partzuergoarekin elkarlanean zenbait hitzaldi, formazio eta tailer antolatzeko aprobetxatu zuten olatua.
Basaburuarrak azaldu duenez, herritar batzuk nostalgiatik edo betiko gaztain zaharrak mantendu nahi izatetik hurbildu dira egitasmora, baina badira beste batzuk ekoizpen aukera bat ikusten dutenak. “Alderdi hori ere oso garrantzitsua iruditzen zaigu, ekoizpenaren atea zabaltzeko aukera ikusten dugulako, eta aurrera begira, gaztainondoen kultura mantentzeko gako garrantzitsu izan daitekeelako”. Hain zuzen, hori izan da Basaburuko I. Gaztaina Feria antolatzearen helburu nagusietako bat: Euskal Herrian nahiz kanpoan gaztaina ekoizten diharduten ereduak ekartzea.
Azaroaren 2an, gaztaina ekoizpenarekin lotutako hainbat esperientzia eraman zituzten mahai ingurura. Gilles Texierrek Ipar Euskal Herrian gaztainarekin egiten ari diren lanaz hitz egin zuen, eta Isidro Alvarezek Leongo El Bierzon duten gaztaina ekoizpena aurkeztu zuen. Igandean, berriz, gaztainaren azoka egin zuten Jauntsaratsen. Bertan, gaztainekin egindako produktuen postuak egon ziren.
“Nafarroan ez dugu oraindik gaztainari lotutako ekoizpenik, baina kanpoko esperientziekin erakutsi nahi izan dugu benetan posible dela”. Erantzun ezin hobea izan du ekimenak, eta antolatzaileek nabarmentzen dutenez, hasiera besterik ez da izan hau. “Gaztainari dagokion balioa emateko lanketarekin eta azokarekin segitzea da asmoa”, amaitu du.