Gaztaina berreskuratzeko eta eraldatzeko proiektua esku artean du Gilles Texier urepeldarrak duela zenbait urtetik. Aldi bat kanpoan eman eta gero, duela hamar urte bueltatu zen Urepelera, eta gaztainaren jakintzaren inguruko ekimen batean piztu zitzaion interesa: “Transmisio eguna antolatu genuen, eta herriko adinduak gonbidatu genituen gaztainaren inguruan zuten jakintza besteokin partekatzeko”, azaldu du. Geroargo, autonomia komunalaren topaketa batzuetan, gaztaina berreskuratzeko ideia planteatu zuen Texierrek, eta lehen hazi hartatik hainbat egitasmo jarri dituzte martxan urteotan.
Ardeche eskualdera joan zen Texier hango proiektuetan ikastera: “Frantzian gaztaina gehien ekoizten den eskualdea da, eta hango laborariek lan nola egiten duten ikustera joan nintzen, nire kasa”. Handik bueltan, 2018an, gaztaina lantzen hasteko proiektua abiatu zuten modu kolektiboan Urepelen: lursail bat hartu zuten, hura garbitu, eta gaztaina biltzeari, lehortzeari eta irina egiteari ekin zioten. Kirikiñausi izena zuen kolektiboak, gaztainak kontserbatzeko harrizko gordailu tradizionalei erreferentzia eginez. Gaur egun eraldaketarako erabiltzen dituzten zenbait tresna haiek jarri zituzten martxan; hala nola, lehortzeko instalazioak eta gaztaina lehortuak zuritzeko makina.
Duela urtebete, berriz, bere kasa lanean hasi zenean, Gaztaina elkartera batu zen Texier, eta taldeko beste kide batzuekin batera, gaztaina eraldatzeko nabea muntatu dute elkarlanean. Kalibratzeko, zuritzeko eta txikitzeko tresneria eta gaztainak gordetzeko kamera hotz bat dituzte bertan. “Gaztaina krema, erreximenta eta gaztaina naturala, zuritua eta poteetan sartua, egiten dugu”, azaldu du.
Elkarteko beste kideek ez bezala, Texierrek ez du lursailik ez gaztainadirik, eta beraz, inguruko laborariekin tratuak egin ditu: “Gaztainadiak alokatu egiten ditut nik. Asko utzita zeuden, arras oihanduak, eta berriz gaztainadi bilakatzeko lan handia eskatu dute”. Sasiak moztea, ingurua garbitzea, arbolak kimatzea eta beste hainbat lan hartu ditu bere gain ekoizleak, gaztainak jasotzearen truke.
Iaz hasi zen gaztainetik eratorritako produktuak saltzen Texier, Gormutxa izenaren pean –"morkotsa" esan nahi du–. “Ez dut kantitate handietan saltzen, baina inguruko denda ttipietan eta Baigorriko merkatuan ibili naiz”, dio. Momentuz, bere kasa ari da, nahiz eta ez duten baztertzen aurrera begira ekoizpena ere modu kolektiboan egiteko aukera: “Ardechen gaztaina transformatzeko sortutako CUMAk –nekazaritzako makineria erabiltzeko kooperatibak, Frantziako Estatuan oso zabalduak– eredutzat ditugu: eraikin eta tresneria kolektibizatuak antolatu dituzte, eta horrek aukera ematen du gazte bat laborantzan abiatzeko inbertsio txikia eginez”.