argia.eus
INPRIMATU
Gazi-gozoa
  • Aurreko egunean omenaldia egin zitzaion ikurrinari gure herrian, eta omenaldira hurreratu zen jende poxiaren aurpegietan alaitasuna, harrotasuna eta baita tristura eta hunkidura ere nabaritu nuen. Ekintza sinboliko hutsa izan zen, transzendentziarik gabekoa.

Karlos Gorrindo Etxeandia @kgorrindo 2014ko ekainaren 12a

Gaur, ostera, Gernikako udaletxera lanera etorri naizenean ikusmena lausotu didan Espainiako bandera ikusi dut udaletxeko fatxadan zintzilik, erdi ezkutaturik.

Ez nuen uste inoiz gure udalerriko fatxadan Espainiako bandera jarrita ikusiko nuenik. Baina, jakina, Espainiako legeak eta aginduak onartzen hasi garenetik edozer gerta daitekeelakoan nago. Ulertzen ez dudana da hainbat eta hainbat urtetan begietara hain mingarri eta azkura eragile egin zaigun sinbolo espainiar hori (gure herriko udaletxean jarrita dagoena mingarri barik, barregarri dago, “txinoetan” erositakoa ematen baitu) Ezker Abertzaleko udalek beste barik onartzea, nahiz eta lotsagarri egingo zaien. Zenbat udaletxetako fatxada ez ote dira margo gorri-horiz zikindu, beste alderdi batek egun Ezker Abertzaleak onartu duen banderen legea onartzeagatik! Abertzaleen artean hainbeste liskar eragin duen ekintza sinbolikoa besterik gabe onartzea harrigarri ez ezik, ahalkegarri ere bazait. Beraz, abertzaleen ideario politikoan hain errotua egon den banderen aferak besterik gabe onartzeak ondorio honetara narama: amore eman dugu euskal herritar askoren begietara hain zaurgarri den alor afektibo-sentimentalean.

Hortaz, zer dela eta onartzen da bandera inposatua, horren aurka ezer egin barik? Zenbat dira Ezker Abertzaleak agindupean dituen udalak? Pilo bat. Egin dezatela, bada, alkate guztiek bat eta uko egin bandera jartzeari. Eta horrek inhabilitazioa, isuna edota kartzelaldia ekarriko balie, herria aterako litzateke kalera injustizia horren salaketa egiten. Nazioarte mailan oihartzuna izango luke horrenbeste kargu politiko zigortzeak, Eta Espainia, beste behin ere, herri antidemokratiko gisa agertuko litzateke haien begietara.

Gogorarazi, bestalde, karguarekin batera duten erantzukizun eta ardura dela hori. Izan gaitezen kontsekuente sentitzen eta pentsatzen dugunarekin. Edo bestela, abdikatu.

Dena den, badakit, jakin, aro berri baten aurrean gaudela.  Alegia, kartzelak hustu egin behar dira eta ez bete. Herrian nahi ditugu presoak, etxean, eta libre. Eta kontraesankorra litzateke inori eskatzea kontsekuente izan  dadin bere ideario politiko-ideologikoarekin, batik bat, kontsekuente izate horrek kartzelara eraman ahal zaituenean.

Baina dena ez da lotsa eta amorrua. Geure Esku Dago ekimenak berriro piztu du sinestun eta agnostikoengan ilusioa eta itxaropena. Herri honen zati handi bat bizirik eta abian dagoela erakutsi zuen atzoko egunak, eta aurrera begirako urrats bat baino ez bada, zerbait ondo egiten ari garen seinale da, ikusi eta entzun besterik ez baitago zenbaterainokoa den Espainiako kaberna mediatikoei eta alderdi politiko nagusiei nabari zaien urduritasuna. Guk aurrera egindako pausa soil batek establishment-aren zutabeak dar-dar jartzen ditu. Geldiro-geldiro baina atsedenik hartu gabe. Batuta helburu estrategikoan, gutxienekoak adostuta, gehienekoa lortze aldera.

Pena bakarra dut, alabaina. Ibilbideak Euskal Herri osoa zeharkatu ez izana, alegia. Baina, jakina, hobe da laburra eta arrakastatsua eta ez luzea eta erdipurdikoa ateratzea.