Israelgo Lehem ministro Benjamin Netanyahuk The Wall Street Journal egunkarian idatzitako iritzi artikulu batean zerrendatu ditu sarraskiari bukaera emateko baldintzak: "Hamas suntsitzea", "Gaza desmilitarizatzea" eta "palestinarrak deserradikalizatzea" .
Urriaren 7az geroztik 26.000 palestinar hil eta beste 55.000 kolpatu ditu Israelek eta bide horretatik segitzea du xede: erasoak "areagotuko" dituela jakitera eman du Lehen ministro Benjamin Netanyahuk, abenduaren 25ean Gazan egon ondoren. "Borrokan jarraituko dugu, erasoak areagotuko ditugu ondoko egunetan. Gerra luzea izango da, ez da bukatzekotan". Abisua baieztatu da azken egunetan. Hain zuzen, azken 24 orduetan gutienez 241 palestinar hil ditu Israelgo armadak.
Gerrak "hilabete luzez" iraunen duela jakitera eman du Israelgo armaren buru Herzi Halevik ere.
Horrez gain, The Wall Street Journal komunikabidean plazaraturiko idatzi batean zehaztu ditu sarraskiaren bukaerarako hiru baldintzak: "Hamas suntsitzea", "Gaza erabat desmilitarizatzea" eta "Palestinako gizartea deserradikalizatzea". Hamas "erabat suntsitzea" lortu ondoren, Gaza guztiz desmilitarizatzea litzateke ondoko urratsa. Netanyahuren ustez, Israelek soilik du halakorik egiteko gaitasuna: "[Gaza desmilitarizatzeko] Behin-behineko segurtasun eremu bat eratu beharko dugu Gazan, eta kontrolguneak jarri beharko ditugu Gazaren eta Egiptoren arteko mugan, zerrendan armarik sartzen ez dela bermatzeko". Netanyahuk aurreikusitako etorkizunean, ez dago tokirik PAN Palestinako Aginte Nazionalarentzat, argudiatuta "Israel suntsitzeko" hezten dituztela haur palestinarrak. Azken ideiari horri lotua da bere hirugarren baldintza, "Palestinako gizartea deserradikalizatzearena".
Cisjordanian ere erasoak ez dut etenik eta abenduaren 27 goiz honetan bertako errefuxiatuen kanpamentu bat bonbardatu du Israelek, gutxienez sei hildako eraginez. Nazio Batuen Erakundearen datuen arabera, Gazako biztanleen %85ak bere etxetik ihes egin behar izan du: 1,9 milioi dira etxerik gabe.
Bizkitartean, NBEak segitzen du bere "kezka" adierazpenekin, baina Segurtasun Kontseiluak ez du oraindik su-etenik eskatu, AEBak etengabean aurka kokaturik. Azken erabakian, "eskala handiko" laguntza humanitarioa "oztoporik gabe" bideratzearen alde egin du abenduaren 22an Segurtasun Kontseiluak. Horren kudeaketarako izendatu berri dute Herbereetako Lehen-ministrorde Sigrid Kaag. Hamasek deitoratu duenez , "eskasegia" da erabakia: "Ez du gerra sionistaren makinak ondorioztatu egoera katastrofikoari erantzuten".
Hamas eta Jihad Islamikoarekin elkarrizketak burutu eta gatazkaren konponketarako proposamena aurkeztu zuen aitzineko astean Egiptok. Ez du, ordea, erantzun baikorrik edota arreta handirik jaso. Hiru urrats jasotzen ditu proposamenak: su eten egonkor bat ezartzea, hiru fasetan antolaturiko bahituen eta presoen truke bat egitea, eta trantsizio gobernu bat eratzea Gazarako eta Zisjordaniarako. Bi aldeen aldetik ez da oraingoz erantzun ofizialik egon. Halere, Netanyahuren azken egunetako adierazpenek argiki erakusten dute Israel ez doala konponbidearen norabidean.