argia.eus
INPRIMATU
Kanpaldiak hasi dituzte Hego Euskal Herriko unibertsitateetan ere Gazaren alde
  • Mundu osoan zehar unibertsitateko ikasleek Palestinaren alde antolatzen ari diren protestetara batzeko deia egin du Ikasle Abertzaleak antolakundeak. Olatua AEBetan abiatu bazen ere, bost kontinenteetan egin dira kanpaldiak eta protestak azken asteetan. Palestinako ikasle mugimenduak mundu mailako altxamendura deitu ditu hezkuntza komunitate guztiak.

Jon Hidalgo GereƱu 2024ko maiatzaren 06a
EHUko Leioako campusean ere astelehenean hasi dute Palestinaren aldeko kanpaldia. Ikasle Abertzaleak

Ikasle Abertzaleak antolakundeak jakinarazi du unibertsitateko ikasleek maiatzaren 6an abiatu dituztela kanpaldiak Hego Euskal Herriko hiriburuetako campusetan. Beste antolakunde batzuek bat egin dute kanpaldiekin, hala nola Ernaik edo Astinduk. Beraz, mundu mailako unibertsitateetako mobilizazioetara batuko da Euskal Herria ere, Israel Gazan egiten ari den genozidioa salatzeko eta Palestinako herriarekin elkartasunez. Astelehen arratsaldean hasi dituzte kanpaldiak Ibaetan Donostian, Gasteizen, Leioan eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko campusean. Bi eguneko egitaraua egin dute publiko oraingoz. Palestinako hezkuntza komunitateak publikoki eskertu du mundu mailan ikasle mugimenduek Gazari erakutsitako babesa, eta presio neurriekin bat egitera deitu du.

Hezkuntza komunitateak Palestinako haur eta nerabeen alde ere deitu du protesta. Dozenaka ikastetxeetako ordezkariek, ELA, LAB eta Steilas sindikatuen babesarekin, maiatzaren 10ean Gasteizen egingo duten manifestaziora batzeko deia egin dute.

"Palestinako hezkuntza komunitateak publikoki eskertu du mundu mailan ikasle mugimenduek Gazari erakutsitako babesa, eta presio neurriekin bat egitera deitu du"

AEBak abiapuntu

New Yorken izan du abiapuntua bost kontinenteetara zabaldu den ikasleen protesta olatuak. Columbia unibertsitateko campusean, Gazako genozidioaren aurkako kanpaldia hasi zuten ehun ikasle inguruk apirilaren 18an, unibertsitateari eskatzeko harreman oro hautsi zezala Israelgo estatu sionistarekin. Hurrengo egunetan AEBetako 60 campus baino gehiagotan abiatu zituzten antzeko kanpaldiak, eta indar izugarria hartu dute protestek. Askotariko aldarriak ikusi badira ere, gehien zabaldu direnak izan dira Gazan su etena lortzea eta unibertsitateek Israelekin dituzten loturak haustea. Palestinarekiko Erantzukizuna taldeak ohar batean txalotu du ikasleen ekimena, "giza eskubideak nola defendatu behar diren erakusten ari dira", eta Euskal Herrian ere kanpaldiak egitea babestu du.

AEBetako agintarien erantzuna bortitza izan da. Bi aste eta erdian 2.300 pertsonatik gora atxilotu ditu Poliziak kanpaldiekin lotuta, gutxienez 43 unibertsitatetan oldartu da Palestinaren aldeko manifestarien aurka. Kazetariei campusetik irteteko agindu diete unibertsitate askotan eta zauritu ugari utzi dituzte Poliziaren erasoek, ikasle zein irakasleen artean. Gose grebak ere abiatu dituzte kanpaldietan, Princeton unibertsitatean, esaterako. Lorpen txikiren bat ere ezagutu da egunotan. Brown unibertsitate entzutetsua akordio batera heldu zen ikasleekin, Israelekin dituen loturak etetea “eztabaidatuko zutela” adostuta.

Biden eta Israel

Joe Biden AEBetako presidenteak kanpaldietan ikasleek erabilitako “indarkeria” salatu eta protesta “baketsuen” zilegitasuna defendatu du, nahiz eta protesta baketsu ugarik ere Poliziaren oldarraldi bortitzak jasan dituzten. Jarrera antisemiten mantra atera zuen Bidenek prentsaurrekoan, eta campusetan ikasle juduek ustez duten segurtasun eza salatu zuen. Adierazi zuen ikasleen mobilizazioek ez dituztela bere politikak baldintzatuko.

Israelek Nazio Batuen Erakundean duen enbaxadoreak Hamasekin lotu zituen unibertsitateetako protestak, eta Israelen suntsipena bilatzen dutela salatu zuen. “Bagenekien Hamas eskoletan ezkutatzen zela, orain konturatzen gara ez dela soilik Gazako eskoletan gertatzen. Baita Harvarden, Columbian eta eliteko unibertsitateetan ere”. Sionistek gogor jo dute Palestinaren alde mobilizatutako ikasleen aurka. Minnesotan, Californian, Illinoisen eta beste hainbat estatutako unibertsitateetan istiluak eragin dituzte Israelen aldeko manifestariek, kanpaldien aurka oldartuta. Askotan, poliziaren babesarekin.

Israelgo enbaxadorea NBEn: "“Bagenekien Hamas eskoletan ezkutatzen zela, orain konturatzen gara ez dela soilik Gazako eskoletan gertatzen. Baita Harvarden, Columbian eta eliteko unibertsitateetan ere”

Mundu mailako oihartzuna

Apirilaren 18an Columbiako campuseko kanpaldia abiatu zenetik, AEBetatik kanpo ere zabaldu dira protestak eta mundu mailako mugimendu bilakatu da denbora gutxian. Indian, Libanon, Australian, Venezuelan, Japonian, Mexikon, Iraken, Kanadan, Kuban, Turkian, Txilen eta beste hainbat herrialdetan altxa dira ikasleak Gazako sarraskiaren aurka.

Europan ere izan du oihartzuna mugimenduak. Kanpaldi eta protesta ugari egin dira herrialde askotan, baita errepresio gogorra jasan ere. Alemanian, Berlingo Humboldt unibertsitatean, esaterako, Poliziak ikasle ugari kolpatu eta atxilotu ditu. Frantziako Estatuan ere unibertsitate askotan hasi dira kanpaldiak, eta haien kontrako jarrera erakutsi du gobernuak. Parisko eskualdeko agintari Valérie Pécressek, adibidez, finantzazioa eten dio Sciences Po unibertsitate ospetsuari, bertan mobilizazioak abiatzean. Aurore Bergék, Frantziako Genero Berdintasun eta Diskriminazioaren Aurkako Borrokaren ministroak, esan du Gazaren aldeko manifestariak “ezjakinak edo antisemitak” direla. Espainiako Estatuan ere kanpaldiak abiatu dituzte ikasleek, Valentzian eta Madrilen, adibidez.

Gazteen presioa Alderdi Demokratari

Unibertstitateetako protestak munduan zehar hedatu badira ere, garrantzi berezia dute AEBetan izandakoek, Israelentzako ezinbestekoa baita Bidenen babesa genozidioarekin aurrera egiteko. Nir Barkat Israelgo Ekonomia eta Industria ministroak ohartarazi du ikasle estatubatuarren mobilizazioak “mehatxu existentziala” direla estatu sionistarentzat, eta AEBetako iritzi publikoak haien biziraupenean duen garrantzia nabarmendu zuen.

Unibertsitateetako altxamenduak gora behera, AEBetako Gobernuak Israel sutsuki babesten jarraitu du azken asteetan ere. Babes militar eta politikoaz gain, Nazioarteko Zigor Auzitegiari (NAZ) presio egiten aritu da, ez dezan Netanyahu eta bere gobernuko kideak atxilotzeko agindurik eman. Karim Khan NZAko fiskalak berak salatu ditu auzitegiko langileek jasandako mehatxuak.

Baina, hedabide ugariren arabera, ez zaio dohainik ateratzen ari Joe Bideni Gazako sarraskian hartutako jarrera. Askok aipatu dute hautesle demokraten zati esanguratsu batek ez dituela begi onez ikusten Bidenen politikak, hautesle gazteenek batez ere. Harvard unibertsitateko inkesta baten arabera, soilik gazte demokraten %18 dago ados demokraten Israelekiko politikekin, eta CNN kateak ere antzeko datuak eman ditu. Alderdi Demokratako ahots ezberdinek kezka agertu dute 2024ko hauteskunde presidentzialetan gazteen bozka asko galdu ditzakelako alderdiak, sionistei emandako babesaren ondorioz.