argia.eus
INPRIMATU
Gazaren %14a soilik da zibilentzako “zonalde segurua”, armada sionistaren aginduz
  • UNRWAk salatu du ebakuazio aginduek “miseria, beldurra eta sufrimendua areagotzea” besterik ez dutela eragiten. Zerrendaren %86a ebakuatu beharreko zonaldea izanda, 50 km karratu bakarrik gelditzen dira hortik kanpo.

Jon Hidalgo Gereñu 2024ko uztailaren 30a

Palestinar errefuxiatuei laguntzeko NBEren UNRWA agentziako buruak, Philippe Lazzarinik, salatu du Gazako Zerrendaren % 14a soilik ez duela ebakuatzeko agindu Israelgo armadak. Gazako ia biztanleria osoari eragiten diote agindu horiek. Edonola ere, “zonalde seguru” gisa izendatutakoak hainbatetan bonbardatu ditu Israelek azken bederatzi hilabeteetan.

Armada sionistak behin eta berriz lekualdatzera behartu ditu ehunka mila palestinar urrian genozidioa abiatu zuenetik. Zerrendaren gehiengoa suntsituta eta etengabeko erasopean, “ez dago leku segururik Gazan”, nazioarteko erakunde ugarik salatu izan dutenez, tartean NBEak. Lazzarini UNRWAko buruaren hitzetan, “ia egunero” zabaltzen ditu Israelgo armadak ebakuatzeko aginduak, eta askotan ordu gutxi batzuk izaten dituzte palestinarrek beste zonalderen batera mugitu eta “berriz hasteko”. Batez beste, hilabetean behin izan da lekualdatzera behartua biztanleriaren gehiengoa, UNRWAren datuen arabera. “Miseria, beldurra eta sufrimendua” besterik ez dituzte sortzen ebakuatzeko aginduek, Lazzariniren esanetan.

Zonalde “ez seguru” izendatutakoak kenduta, 50 km karratu besterik ez dira gelditzen Gazan, bi milioi biztanle baino gehiago dituen Zerrendan. Urriaren 7a baino lehen munduko zonalde populatuenetakoa zen Gaza, eta orain izugarri murriztu da palestinarrak “egon daitezkeen” eremua. Azken aginduek Khan Younis hegoaldeko hiriari eragin diote gehienbat, Al-Mawasi “zonalde humanitarioaren” zati handi bati. Ebakuatzeko agindua eman baino lehenago ere, uztailaren 13an, 90 palestinar hil zituen armada sionistak Al-Mawasiko errefuxiatu “kanpaleku humanitarioan”. Asteburu honetan ehun pertsona inguru hil dituzte sionistek Gazako luze zabalean, eta 300 pertsonatik gora zauritu.

Ebakuatzera behartutako palestinarrek ez daukate nora joan, eta oinarrizko beharrak asetzeko lekurik ez dago Gazan, Israelen erasoen ondorioz. Osasun sistema, ur garbia lortzeko moduak eta elikagaiak ekoizteko guneak suntsitu ditu sistematikoki armada sionistak, eta ez da laguntza humanitariorik apenas sartu Zerrendan, batez ere maiatza hasieran sionistek Gaza eta Egipto arteko pasabidea eta muga osoa kontrolpean hartu zituztenetik.